argia.eus
INPRIMATU
Mauleko auzapez ohi Etchebest kondenatu dute, dokumentu administratibo bat faltsutzeagatik
  • Lau hilabeteko kartzela zigorra eta 5.000 euroko isuna ezarri dizkiote, biak gibelapenarekin. 2019an Agerria eremuaren aferan dokumentu bat faltsutu izanagatik zigortua izan da.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko uztailaren 06a
Mixel Etchevest Mauleko auzapez ohia. Argazkia: Dani Blanco

Leporatzen zitzaiona onartu zuen ekainaren 6an Pauen iragandako auzitegian: Mauleko Agerria eremua kudeatzen duen sozietatearen presidente zela, kontseilu administratiboak idatzi beharreko akta berak bakarrik idatzi zuen. 2019koa da leporatzen zaiona eta uztailaren 4 honetan eman du epaia Paueko Zigor Auzitegiak.

Egindakoa onartzen du Etchebestek: "Bai nik idatzi dut. Credit Agricole bankuarekin pasa nituen sei hilabete maileguaren baldintzei buruz hizketan. Bankuaren eskaintza jaso nuen, notarioari bidali zitzaion uztailaren 2an. Uztailaren 4ko baimena lortzeko administrazio kontseiluaren akta galdetzen zidan, epea sobera laburra zen. (…) Akta hori nik idatzi nuen, nire bulegotik. Ez dugu idazkaririk ezta daktilograforik ere".

Lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio epaileak, gibelapenarekin, baita 5.000 euroko isuna ere, erdia gibelapenarekin. Horrez gain, urtebetez debekatua izanen du edozein enpresa kudeatzea. Garaian Mauleko auzapeza zen Etchebeste –2020an galdu zituen hauteskundeak, 2008tik auzapez egon ondoan–.

Agerria eremua, Elkargoaren esku 2020az geroztik

Arazo ekonomikoak zituela, iraunbide judizialean ezarria izan zen eremuaren kudeaketa zuen sozietatea 2020ko urrian. Azkenean, 2020ko azaroaz geroztik Euskal Hirigune Elkargoa da jabe, bi milioi euro horretara bideraturik.

Hautagaitza hori onartu zuen Paueko auzitegiak, ekonomikoki fidagarritzat joz instituzioaren proiektua. Hotelaz eta jatetxeaz gain, gazteentzako etxebizitza batzuk, laborantza arloko proiektu bat eta sorkuntza artistikorako espazioa ditu aurreikusirik elkargoak.