Asanbladetan matxoteak aurkitzeko gida laburra argitaratu du Irene Redondo kazetariak –Twitterren @feminazida erabiltzailea– Feministas Acidas blogean. Pasarte esanguratsuenak euskaratu eta gurera ekarri ditugu.
Puntuz puntutakako artikulua osatu du, patriarkatuak eskainitako hegemonia besteen hitza gutxiesteko erabiltzen duten gizonei zuzenduta. Ironia eta umorea uztartu ditu botere harremanak ezbaian jarri asmoz.
"Matxitoei" zuzenduriko bederatzi puntuko gida
Lehenik eta behin, hitza hartzeko tarteak monopolizatzen dituzu. Konturatu zara esaten duzunak ez duela hutsaren hurrena balio? Faborez, hitz-hartze bat behar dut, ixil zaitezen eskatzeko.
Bigarrenik, borobilean jarrita gaudenean, besteen gainetik altxatzen zara. Sistema patriarkalak zure hitzari nahiko balio emango ez balio bezala! Sentitu zaitez altuago, noski! Eta jar zaitez zutik, are hobeki! Baina, ez. Formula horrek ere ez du lortzen esaten duzunak kaka zaharra izateari uztea.
Hirugarrenik, ongi zabaldu hankak. Oraindik ez garenez ohartu zakila duzula, faborez ireki ederki hankak, eta bai, mesedez, hartu behar duzun espazio guztia. Oso oso erosoa da horrela jarrita dagoen pertsona baten ondoan esertzea.
Laugarrenik, gainontzekoek baino askoz gehiagotan hartzen duzu hitza. Matxirulitis gaitza duzu. Arren, asanbladatik at artatu zaitzatela.
Bosgarrenik, lengoaia bigarren mailako arazotzat jotzen duzu. Edo akaso ez. Agian, soilik asanblada kideak errieta egitea gustatzen zaizu. Apika batzarreko dinamikak aldatu beharko genituzke hizkuntza inklusiboa errespetatzen ez duenari pozoindutako dardoa botatzeko.
Seigarrenik, mesfidantza berezia duzu espazio ez-mistoekiko. Aditzen al duzu hori? Zure abantailak dira, behera erortzen, lurra jotzen. Munduan sartu ezin duzun toki bat topatzeak azkurea ematen dizu, pika-pika egiten dizu.
Zazpigarrenik, “halakoren neska” esaten duzu. Identitate propioa dugu. Eskerrik asko!
Zortzigarrenik, zure kidearen izenean hitz egiten duzu. “Nire lagunak esan nahi zuena...” esaldia erabiltzen duzu. Ez dakit ohartuko zinen orokorrean emakumeok agerikoa ez den lana hartzen dugula gure gain asanbladetan –dakigunez, zaintza ez da nazi ikusezinen tropak etortzen direnerako estrategiak asmatzea bezain inportantea–. Egin zenezakeen minimoa da gu ez gutxiestea.
Bederatzigarrenik, taldeko mutil batek esan duena txalotzen duzu, aurretik hamar neskek gauza bera esan badute ere. Jakin badakigu gure ahotsak zuretzat oso gutxi balio duela, baina behintzat, disimulatu, ezta? Ez, hobe ez. Horrela ezarragoa izango da maskara lehenago kentzea.
Gauzak aldatzeko egindako gida
“Asanbladetako hierarkiak eta biolentziak suntsitzeko era bakarra da izendatzea eta ikusaraztea. Seinalatzen ditugun arte baino ez baitira izango ikusezinak!". Esan du egileak, konklusio gisa.
Blogean eztabaida sortu du idazkiak eta euskaratzeko orduan hogeita bi erantzun zituen jada.