argia.eus
INPRIMATU
“Matxismo ezkutua, egunerokotasunean agerian” ikasleekin lantzeko dosierra sortu du Aiaraldea Ekintzen Faktoriak
Aiaraldea @aiaraldea 2019ko azaroaren 06a

Aiaraldea Ekintzen Faktoriak ezkutuko matxismoa bistaratzeko lanabesa sortu du. 32 orriko dosierrean bildu dituzte Kokoriko Hezkuntza Faktoriak eta Feminismo lantaldeko kideek marko teorikoa eta gogoetarako zenbait ariketa zein baliabide.

Helburua, indarkeria matxistaren erroak azaleratu eta egunerokoan sortzen edo jasaten diren egoera zapaltzaileei hitza jartzea da, genero indarkeriarekin bukatzeko konpromisoak lantzearekin batera. 

"Martxoaren 8an bizitzak eta zaintza lanak erdigunean jartzeko dosierra zabaldu genuen; eta horren segida da oraingoa", adierazi dute sortzaileek.

Haur Hezkuntzatik Batxilergora bitarteko ekimenak planteatu dituzte, eta hezitzaile edo irakasleentzat gogoetarako adierazleak iradoki: "Hezkuntza mikromatxismoz beterik dago". Horren adibidetzat jarri dituzte ikas materialak, zentroetako hezitzaileen antolaketa modua, edota zenbait espazioren banaketa eta erabilera.

Dosierra, sarean eskura

Aiaraldeko 18 hezkuntza zentroetan banatu da dagoeneko dosierra. Hala ere, interneten zintzilikatu dute lana, edonoren eskura egon dadin.

Iaz, Horma ikusezinak dokumentala osatu zuen feminismo lantaldeak, eskualdeko 11 emakumeren bidez hainbat eremutako ageriko eta ezkutuko indarkeriak azaltzeko: