argia.eus
INPRIMATU
Matxinbentako bertso berriak, Ezkioko udala mugiarazteko jarriak
  • "Azkenean bertsoak jarriko dizkizute", zaharrek egiten zuten ohartarazpena egia suertatu da Gipuzkoako Matxinbentan. Abenduan gertatutako luizi bati udalak konponbiderik jartzen ez diola-eta, baserritar batek bertsotan salatu du bere egoera, sare sozialetan oihartzuna lortuz.

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 10
Abenduaren 12ko luiziaren kalteak Matxinbentako Zegaia baserrirako bidean. (Argazkia: Uztarria)

Otsail honen 6an Azpeitiako Uztarria kazetak eman zuen berria. Aurreko abenduaren 12an lur jausia gertatu zen Matxinbentatik Zegaia [Zeariaga irakurri dugu Diario Vasco-n] baserrira doan bidean, eta ordutik ibilgailuak baserrira iritsi ezinda dabiltza. "Egoera ikusita –zioen kazetak– ezkioar batek bertsoak jarri dizkio Ezkioko Udalari azalpenak eskatuz; izan ere, oraindik ez dute baserri bidea txukundu. Bi bizitzako baserria da Zegaia, eta baserria Ezkio-Itsasoko (Gipuzkoa) lurretan badago ere, Azpeitiko bizilagunak dira bi baserriak erabiltzen dituztenak". Baina bertsoak jartzeaz gain, antigoalean bertso-peperetan egiten zen gisan, oraingoan bideo batean grabatu ere zituen baserritarrak.

 

Eta bideoak bere bidea egin du...

Watsappez asko zabaldu den bideoak irudietan erakusten du zein egoeratan geratu den baserrira iristeko bide bakarra eta zer nolako lanak egin behar dituzten aita-semeek hango ukuiluan dauzkaten aziendentzako pentsu eta gainerakoak eramateko, tarte batzuetan zamak bizkarka hartuta eta beste batzuetan karretila ("kastillanuen gurdia" deitzen dio baserritarrak) erabiliz, bata bultzaka eta bestea sokatik tiraka. Bertsoetan aipatzen da baserriak bi etxebizita dituela,  familian gurasoek 13 seme-alaba hazi zituztela, eta egileak protesta egiten du Ezkioko udalak soluziobiderik eman ez dielako. 

Aipatu behar da, gauza bitxia baita, lurrez Urola bailaran Nuarbe eta Azpeitiatik hurbilago dagoen Matxinbenta auzoa legez Ezkio-Itsasoko udalaren zati dela, tartean Mandubia gaina eta mendia dauzkatela.

Euskadi Irratiaren Faktoria magazinean otsailaren 9an elkarrizketatu dute luiziak etxerainoko bidea moztu dion baserritarra eta bertsoen egilea dena, Xabier Urbistondo. Harritu samar mintzatu da bideoak lortutako oihartzunagatik, nahiz eta hitzetan nabari zaion edozein bertsolari txukunek bezala ezagutzen dituela kantuz entzuleak emozionatzeko mekanismoak. Helburua lortu du, antza, eta otsailaren 10erako dauka hitzordua Ezkio-Itsasoko kudalean Xabier Urbistondok.