argia.eus
INPRIMATU
Matxinada ikastetxeetan, auto eta kutsadurarik gabeko eskola inguruak eskatzeko
  • Matxinada Eskoletan, horrela du izena irailean Katalunian jaio zen mugimenduak: ordutik zortzi protesta ludiko egin dituzte ikastetxe atarietan (azkena joan den astean), hezkuntza eta jolasa kalera atera eta trafikoa oztopatuz. Eskola inguruak oinezkoentzako espazio seguru bihurtzea eskatzen dute, autorik, kutsadurarik eta zaratarik gabe. Kataluniatik kanpo zabaldu da mugimendua eta Bilbora iritsi da dagoeneko.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko apirilaren 13a
Revolta Escolar

Guraso elkarteek deituta, Kataluniako hamaika hiritan egin dute azken protesta, besteak beste Bartzelonan 45 kale moztuaz. Hurrengo hitzordua jarri dute dagoeneko: apirilaren 23an berriz ere errepideak hartuko dituzte ikasle, guraso eta hezkuntza arloko langileek, eskola ingurune bizigarriagoak aldarri.

Bilbon, Cervantes eskola publikoa ere kalera atera zen martxoan, Matxinada Eskoletan mugimenduarekin bat eginez. “Autoak ez, osasuna bai” moduko leloak oinarri, ikastetxe ingurua oinezkoentzako bihurtzeko eta zonaldea hobetzeko aldarrikapena aspaldikoa dela gogoratu dute Cervanteseko gurasoek. “Bilbon ahalegina egin da autoei espazioa kendu eta ostalariei emateko, terrazak jarri ditzaten. Zergatik ezin da gauza bera egin eskola espazioekin?”.

Ildo berean, Denon Eskola Arabako guraso elkarteen federazioak Jaurlaritzaren eta udalen inplikazioa eskatu du berriki, ikastetxeetako inguruneak aldatzeko.

Haurrak kalean dituen hiria, hiri osasuntsua da

Eskola inguruak bakarrik ez, herriak oro har bizigarriagoak eta atseginagoak izatea eskatzen dutenak ez dira gutxi. Urteak dira herri ugaritan martxan jarri zutela haurrak eskolara beren kabuz joateko ekimena: eskolakideekin joan daitezen, oinez eta taldean, herria deskubrituz, ingurua biziz eta gozatuz, txiki eta nagusiagoekin batera bidea autonomoki eginez, kalea eta kaleko oztopo eta plazerak euren gain hartuz. Ekimen eder honen berri eman genuenean, Francesco Tonucci pedagogo italiarraren hitzak berreskuratu genituen: “Jolasten, paseoan edota bakarrik dabiltzan haurrak baldin badaude hirian, hiri osasuntsua den seinale. Hirian ez bada haurrik ikusten, ordea, hiria gaixotuta dagoen seinale. Haurrak kalean dabiltzan hiria, hiri segurua da, ez haurrentzat bakarrik, zaharrentzat, elbarrituentzat eta hiritar guztientzat baizik. Eta haurrak etxetik bakarrik irteteko aukera egon dadin, hiria aldatu beharra dago, guztiz, apurka-apurka bada ere”.