argia.eus
INPRIMATU
Mattin Amundarain euskaltzalea hil da
  • Arrasaten urte asko egin zituen Mattin Amundarain amezketarra hil da 87 urterekin,urriaren 31n. Eskola Politeknikoko irakasle izandakoa, AEDren sortze lanetan parte hartu zuen eta Elkarriren lantaldeko kide izan zen.

Goiena @goiena 2019ko azaroaren 04a
Mattin Amundarain, 2010ean Galtzaundiren Eskerrak Zuri Ohorezko Aipamena jaso zuenean. (Argazkia: Tolosaldeko Ataria). Mattin Amundarain, 2010ean Galtzaundiren Eskerrak Zuri Ohorezko Aipamena jaso zuenean. (Argazkia: Tolosaldeko Ataria).

Eskola Politeknikoan irakasle izan zen, eta gero, Diara enpresan ere egin zuen lan. Era berean, euskaltzale amorratua izanik, AEDren sorrera prozesuan hartu zuen parte. Geroago, Elkarri sortu zenean, Arrasateko lantaldera batu zen eta besteak beste, uztailean hil zen Joxe Ramon Elortzaren alboan jardun zuen lanean. Arrasateko Taillaginen Elkartearen sortzaileetako bat ere izan zen.

Erretiratu zenean Tolosara joan zen bizi izatera, eta han ere, euskararen bueltan lanean jarraitu zuen. Horregatik, Eskerrak Zuri Ohorezko Aipamena eman zion Galtzaundi Euskara Taldeak amezketarrari 2010ean, "euskararen alde han eta hemen egindako lan handia" eskertuz.

Gizon apala eta alaia, Leintz aldeko askok dituzte gogoan Mattin eta beti alboan zuen emazte Bittori Etxeberria. "Bikote benetan atsegina zen, irribarrea beti ahoan eta lanerako gogotsu; euskara eta Euskal Herria izugarri maite izan dituztenak".