argia.eus
INPRIMATU
Matrikulazioak eta eskola publikoa

Xabier Reparaz 2023ko urtarrilaren 30

Azken aldi honetan, eta matrikulazio epeak gerturatzen doazen heinean, gero eta ugariagoak dira hezkuntzan aurkitzen ditugun itunpeko eta publikoaren arteko eztabaidak. Izan ere, eskola publikoaren defentsan guztiok ados egon gaitezkeela pentsatzen dut. Mediku, suhiltzaile, ertzain edo irakasle garen heinean, doako egitura publiko indartsu eta sendo bat izateak dakartzan abantailak inork ez ditu zalantzan jartzen. Gure gizarte anitz eta aldakor honen beharrak betetzeko sortua den egitura zabala mantendu eta indartu beharrekoa dela zalantzan jarriko duen inor ez dut ezagutzen.

Askotan publikoa zer den ahazten dugu. Gizarteak, estatu moduan edo komunitate moduan, eskainitako baliabideak dira, guztion artean jasotako zergez elikatzen den sarea osatzen duena. Helburutzat du pobrezian, zaurgarritasunean eta delinkuentzian eror ez dadin, gizarteari behar batzuk asetzea eta bermatzea. Gure funtzioa ez da guk nahi izango genituzkeen bezeroak eskuratzeko aukera izateko protestaka ibiltzea. Guk gizartea den moduan hartu eta kudeatu behar dugu, funtzionario garen neurrian. Ezin dugu gizartearen zati bat gure ardurapetik aldendu eta itundutako ikastetxe batean sar dezaten eskatu. Aurre egin behar diogu dugunari, eta harrotasunez eutsi, gaur egun dugun gizartea osatzen duten talde sozial desberdinei gure arreta eskaintzeko. Gure ardurapekoen jatorri, arraza, edo kultura ez litzateke inoiz bihurtu behar eskolarizatzeko dauden haurren gurasoak hara edo hona beren seme-alabak bidaltzeko aitzakia.

Askatasunaz ari bagara, guraso guztiok dugu gure seme-alaben hezkuntza eredua aukeratzearen gaineko erabakiaren eskubidea

Askatasunaz ari bagara, guraso guztiok dugu gure seme-alaben hezkuntza eredua aukeratzearen gaineko erabakiaren eskubidea. Eusko Jaurlaritzaren zirriborro lege berriak dakar gurasoon eskubide horren apurketa. Guk gure seme-alabak nora eraman behar ditugun esango diguten araua. Publikora eraman nahi duenak itundura eraman beharko du nahitaez, eta itundura nahi duenak publikora. Ez al gara gure gizartearen parte diren atzerritar jatorriko kideak salgai moduan tratatzen ari? Ez al gara gurasoen hezkuntza eredua hautatzeko eskubidea zapuzten ari?

Gure artean liskarrak eta haserreak ugaritzen dira matrikulazio kanpaina honetan, eta guztia zergatik? Ezin dugulako onartu gizartea aldatu egin dela, gure ugalkortasun tasa beherantz eta balaztarik gabe doala. Gure euskal gizarte hau berandu baino lehenago izango da uste genukeena baino anitzagoa. Ez ditzagun gure kide berri hauek handik hara eraman, non gutxiago kalte egingo ote duten pentsatuz. Pentsa dezagun gu haiek garela eta haiek gu. Herri bat osatzeko bidean garela elkarrekin eta herri berri hori gurea izango dela.

Xabier Reparaz, Bigarren Hezkuntza publikoko irakaslea.