argia.eus
INPRIMATU
Material kimikoa zeraman tren bat errailetik atera eta lehertu egin da AEBetan
  • Milaka lagun ebakuatu behar izan dituzte, leherketak izateko arriskua dela-eta. Agintariek larrialdi-egoera ezarri dute Ohioko East Palestinen, istripua gertatutako herrian.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko otsailaren 13a

Material kimikoa zeraman tren bat errailetik atera zen otsailaren 3an East Palestinen (Ohio, AEB). 50 bagoi inguru atera ziren bidetik. Inguruko herritarrak ebakuatu behar izan dituzte, eta East Palestinen larrialdi-egoera ezarri dute. 5.000 biztanle ditu herriak, eta ez da hildakorik egon.

Duela hamar egun gertatutako istripuaren eraginez, eztanda egiteko arriskuan daude hainbat bagoi, bertako material kimikoa dela-eta. Leherketa ekiditeko, arriskutsua den materiala bagoietatik kentzen ari dira. Bagoietako batean fosgenoa dago. Gas horrekin kontaktua izanda azalean eta begietan erredurak sor daitezke, eta arnastuta biriketan kalteak eragin ditzake.