Comando insurreccionalista Mateo Morral izeneko talde batek otsailaren 7an Madrilgo La Almudena katedralean lehergailu bat jarri izana aldarrikatu du Internet bidez, ikerketaren iturriek Europa Press-i argitu diotenez. Lehergailua polizia nazionalak desaktibatzea lortu zuen, kalterik eragitea eragotziz.
Izen hori, Alfontso XIII.a erregea eta Victoria Eugeniaren eztei egunean eginiko atentatuaren arduradun izan zen anarkistaren omenez jarri dio taldeak. “Zuen gotorleku santutuak ahulak direla frogatu dugu. Zuen boterearen zimenduak dardaran jarri ditugu gure bolbora sakrilegoaren bidez. Hildako eta atxilotutako jendean oinarritutako zuen bake soziala apurtzea dugu helburu. Hauxe da gure mendekua. Beldurraren oztopoa gainditu dugu” esanez ematen dio hasiera Interneteko komunikatuak, polizia nazionalak emandako informazioaren arabera.
Atentatuaren helbururik behinena, taldeak dioenez, borboitar monarkia bere leku sakratuetan egurtzea izan da. “Haien handitasuna zapalkuntzaren emaitza besterik ez da, eta zapalduok izango gara honekin amaituko dugunak, indarkeria iraultzaile matxinatuaren bidez (…) Estatua, kapitala eta errege-familia ustel bat existitu bitartean erasorako baldintzak egokiak direla uste dugu. Erabakia hartua dugu. Ez dugu itxaroten; jokatu egiten dugu”.
Gizartea zapaltzen duen gauza ororen suntsipena hau bezalako ekintzen bitartez soilik lortu daitekeela aldarrikatzen du taldeak.