argia.eus
INPRIMATU
MásMóvilek Euskaltelen telebista negozioa saldu dio Agile Content enpresari
  • Operazioak 32 milioi euro utziko dizkio Euskaltelen jabe berriari. MásMóvilek plantilan ere aldaketak egin ditu, eta iragarri du lehendik zeuden hainbat kide mantenduko dituela.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 11

MásMóvil telefonia konpainiak iragan asteartean erosi zuen Euskaltel, eskaintza publiko baten bidez akzioen %98 eskuratu ondoren. Euskal enpresaren kontrola lortu eta gutxira, bere telebista negozioa saldu du multinazionalak.

Agile Content enpresarekin egin du tratua. Euskaltelek eta bere filial R Cablek eta Telecablek kudeatzen duten zerbitzua transferitu dio, 32 milioi euroren truke. Guztira, milio erdi bezero biltzen dituen telebista negozioa da.

Agile Content enpresak iragarri du operazioa MásMóvilekin duen elkarlana zabaltzeko pausoa dela, eta “garai berri bat” hasiko duela negozioa Euskal Herrira ekarrita. Sortzez, Herrialde Katalanetako enpresa bada ere, Bilbora lekualdatu nahi du egoitza, Bizkaian “berrikuntza teknologikoko zentroa” ezartzeko asmoz. 

Aldaketak zuzendaritzan

Operazioaz gain, MásMóvilek denbora izan du Euskalteleko kontseilu taldean aldaketak egiteko. Multinazioanalak hainbat kide mantenduko ditu plantilan: Xabier Iturbe presidente ez-exekutiboa, Beatriz Mato Galiziako Xuntako kontseilari ohia eta Iñaki Alzaga Nortegaseko presidentea, besteak beste.

Josep Maria Echarri Inveready enpresako kontseilari delegatua eta bigarren presidenteordea kanpoko kontseilaria izango da, eta Jose German Lopez, kontseilari exekutiboa. MásMóvileko buru Meinrad Spenger MásMóvileko kontseilari ordezkaria izango da.