“Maskulinitate berriez” geroz eta gehiago hitz egiten da, bai mundu akademikoan bai hedabideetan. Baina, ba al dago mamirik kontzeptu horren atzean? Jokin Azpiazu Carballo soziologoak Pikara Magazinen argitaratu duen iritzi artikuluan dio ez dugula oraindik erabaki zer egin maskulinitatearekin. Artikuluko pasarte batzuk hautatu ditugu.
Hasteko, oraindik ere maskulinitatea azaltzerako orduan eredu zehatz bati ekiten diogu. Maskulinitatea bizitzeko era ezberdinak aldarrikatzen ditugun aldi berean, berau subjektu zehatzarekin lotzen dugu gehienetan: jaiotzean gizon bezala identifikatuak izan ziren gizon heterosexualak, bikote harremanetan murgilduak gehienetan. Maskulinitate hegemonikoaren karriletan sartzeko arazoak izan ditugun bestelako “gizonak” (trans gizonak, gizon homosexualak, “afeminatuak”…) kategoria horretatik kanpora uzten ditugu. Horrek arrisku bikoitza suposa dezake: alde batetik gizonak ez garela esatea eta bestetik maskulinitate baztertuak izateagatik jarrera hegemonikoak ez ditugula pentsatzea. Bide honetatik, egiten diren proposamen gehienak gizon eta emakumeen artean etxeko zein famili ingurunean kokatzen diren harremanak eraldatzera datoz, gizartearen beste esparru batzuetan gertatzen diren zapalkuntzei horrenbesteko kasurik egin gabe. Gizonok amantalak jantzi behar ditugula aldarrikatzen dugu (eta hala behar du) baina gure enpleguetan gizon izateagatik lortzen ditugun abantailei nola uko egin ez dakigu nola planteatu.
Horrekin lotuta, patriarkatuak gizon bezala dakarzkigun karga eta kalteak aldarrikatzen ditugu. Gizon izateagatik ukatu zaizkigun esparruak seinalatu eta berauek konkistatzeko beharra aipatzen dugu, baina ez diogu horrenbesteko enfasirik jartzen txanpon honen beste aldeari, hau da, patriarkatuak eman dizkigun pribilegioei, nolabait des-konkistatu behar ditugun esparru horiei. Gutxitan adierazten dugu, gainera, txanpon hau ez dela borobila, eta gaur eguneko munduan mugitzeko oso baliagarriak zaizkigula pribilegiook.
Ildo horretatik, jendarte eredu parekidea lortzeko saiakera eta borroketan murgiltzeko izan ditzakegun motibazioak identifikatzea beharrezkoa litzatekeela deritzot. Prest gaude historikoki emakumeek egin dituzten lan batzuk gure gain hartzeko, hala beharko luke behintzat. Zaintza lanak dira honen paradigma. Gure (dauzkatenen) seme-alabak zaintzea ezinbestekoa dela diogu, eta are gehiago, horrek ekarriko dizkigun abantailak aipatzen ditugu. Pertsona gaixo edo nagusien zaintza, aldiz, inoiz gutxitan aipatzen dugu. Berdintasunarekin denok irabaziko dugula esaten dugu, baina patriarkatuak ezartzen diguna botere harreman sarea izanik, berdintasunarekin ezinbestean norbaitek galdu beharko du. Eta hori oso ondo dago, azken finean batzuk jabetu (enpoderatu) behar badira, beste batzuk desjabetu beharko gara. Baina garbi utzi beharko genuke hori ez dela abantaila izango, “jabetuak” izaten ohituak gaudelako, baina egin beharrekoa izango da.
(…)
Teoria feministek azken hamarkada eta erdian sexuaren izaera bitarra zalantzan jarri, eztabaidatu eta kolokan jarri dute. Mugimenduaren baitan iritzi ezberdinak egon arren, eztabaidak ugariak eta oso oparoak izan dira. Guk, ordea, ez dugu oraindik erabaki maskulinitatearekin zer egin nahi dugun: erreformatu? Irauli? Alboratu? Dirudienez, uste duguna baino atxikimendu handiagoa diogu maskulinitateari, ziur aski era kontziente edo inkontzientean badakigulako identitate eta hegemonia mailan pribilegioak dakarzkigula. Baina pribilegiook zalantzan jartzen ditugunean ere, badirudi oraindik ez garela gai gure bizitza maskulinitatetik harantzago irudikatzeko (edo maskulinitatea apurka baztertzeko). Kontutan hartu beharrekoa da, halaber, gizontasuna deseraikitzeak eta emakumetasuna deseraikitzeak ondorio politiko eta material oso ezberdinak dauzkatela.