Maskara kirurgikoak eta medikalak lehentasunez osasun arloko langileetara bideratu behar direla erranda ere, babes material honen erabilpena orokortzeko beharra ikusten du Munduko Osasun Erakundeak (MOE), aire bidezko transmisioak mugatzeko. Dioenaz, etxean norberak egindakoak ere lagun dezake. MOEren gisara, beste hainbat aditu eta gobernu ere dabiltza kontseilua entzunarazten.
Munduko Osasun Erakundeko goi-kargudun baten erranei segi, milioi bat pertsonak dute COVID-19 birusa aire bidezko transmisioz atzeman eta hauetan dagoeneko 60.000k dute bizia galdu. Hori horrela, maskaren erabilpena orokortzeko aholkua bideratu du apirilaren 3an erakunde honek, kutsatze bide hau oztopatzeko xedez.
Mezu bera errepikatzen dabiltza azken egunetan izurriteaz gogorki hunkiak diren herrietako adituak. Demagun, AEBak eta Espainiako Estatua. Baina oraingoz aholku soila gelditzen da eta ez dute beharturik. Apirilaren 4 honetan, Frantziako Medikuntza Akademiak agiri bidez eskatu du maskararen erabilpena derrigortzea.
Txekiako Errepublika, Eslovakia, Austria eta Eslovenia herriek dute maskararen erabilpena beharturik. “Ez da gure kulturan baina bide horretatik iritsi dira Asiako herriak egunka kutsatu kasu bakar batzuk ukatera”, azalpena eman zuen martxoaren 30ean Sebastian Kurz Austriako kantzilerrak. Kantzilerrak argitu du herritarrek eraman beharreko maskak ez direla osasungintzako langileek daramatzatenak bezain babesgarriak, baina laguntzen dutela kutsaduraren hedatzea eragozteko.
Egia da Asiako herrietan maskararen erabilpena orokortu dutela eta horrek ukan dituela emaitza baikorrak, kutsatzeak mugatzeko bidean. Hautu politiko argiak izan dira, usu neurri politikoekin gauzaturikoak. Demagun, Japonian, gobernuak maskara berrerabilgarriak banatu ditu herritarrei, bina etxeka. 100 milioi maskara beraz, asko bada ere, kritikatua ere da gobernua, etxebizitzetan gehienetan bi pertsona baino gehiago daudelako.