argia.eus
INPRIMATU
Maskarak ez dira kalean derrigorrezkoak izango ostegunetik, baina eskoletako egoera argitzeke
  • Ostegun honetatik aurrera Hego Euskal Herrian ez da derrigorrezkoa izango kalean maskara jantzita ibiltzea, astelehenean Espainiako Osasun ministerioak eta autonomia erkidegoek hala adostuta. EAE izan da neurria babestu ez duen autonomia erkidego bakarra.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 08a
Maskarak kalean erabiltzea ez da derrigorrezkoa izango, baina eskoletako patioetan zer neurri hartuko diren erkidego bakoitzarne esku geratu da (argazkia: Dani Blanco).

Euskal Autonomia Erkidegoa abstenitu egin da kalean maskara janzteko derrigortasuna bertan behera uzteko erabakian. Neurria babestu ez duen Espainiako Estatuko autonomia erkidego bakarra izan da, Efe agentziak informatu duenez.

Baina Osasun ministerioak erkidegoekin adostuta, astearte honetan iritsiko da ministroen kontseilura iazko abenduaren 24tik indarrean den neurria baliogabetzeko errege-dekretua; asteazkenean publikatuko da Espainiako buletin ofizialean eta ostegunetik aurrera egongo da indarrean.

Prozedura horren bidez bertan behera geratuko da Gabonetan hartutako erabakia, hasiera-hasieratik eztabaida handia piztu zuena, aire zabalean maskarek duten eraginkortasun eskasa kontuan hartuta.

Ekitaldi jendetsuetan derrigorrezkoa; eskoletako jolastokietan, argitzeke

Hala ere, kasu batzuetan maskarak derrigorrezkoa izaten jarraituko du, adibidez, ekitaldi jendetsuetan –kirol-ikuskizunak barne–, baita eserita metro eta erdiko distantzia mantendu ezin den lekuetan ere.

Osasun ministerioak eta erkidegoek egin duten bileran, argitzeke geratu da maskaren erabileraren alor polemikoenetako bat: eskoletako jolastokietan zer egin. Autonomia erkidego bakoitzaren esku geratu da erabakia eta, hortaz, aste honetan ikusiko da bakoitzak zer egiten duen. Kataluniako Generalitateak, adibidez, astearte honetan erabaki dezake eskoletako patioetan maskarak kentzea.

Neurri gehiago ere hartu dituzte ministerioaren eta erkidegoen arteko bilera horretan, adibidez, kirol-ikuskizunen edukiera %85era igotzea espazio irekietan eta %75era itxietan. Otsailaren amaieran iritsi daiteke edukiera-mugen amaiera Hego Euskal Herrian, nahiz eta alor horretan ere, EAEko Gobernuak neurri murriztaile zorrotzagoen alde egin izan duen aurreko aldietan Espainiako Gobernuak baino.