Gipuzkoako Ehiztarien Federazioak grebara deitu ditu ehiztariak, Gipuzkoako Aldundiari presio egin asmoz. Ehiztarien argudioak, baina, iruzurra direla salatu du Naturkon talde ekologistak eta datuak eman ditu: hamar urtetan 1.768.567 euroz lagundu du Aldundiak Federazioa.
“Inork oraindik sinesten ote du ehizari jazarri eta oldartu zaizkiola?”, dio Naturkonek. Talde ekologistak gogoratu du urtero 120.000 euroko izendun dirulaguntza ematen diola Aldundiak Federazioari, “musutruk eta inolako esplikaziorik eman behar gabe” eta “natura kontserbatzeko aurrekontuaren kontura”. Kopuru horri gehitu behar zaio ehiza-txapelketetan hiltzen diren eper eta faisaiak ordaintzeko urtero Federazioari ematen zaion 80.000 euroko laguntza. “Ehiza-txapelketen aurretik askatzen dituzte hegazti horiek, punteria fintzeko”.
Xehe azaldu du Naturkonek 2010etik 2019ra Gipuzkoako Ehiza Federazioari Aldundiak eman dion diru publikoa, eta Federazioa gezurretan ari dela salatu du, dirua beren patrikatik jartzen dutela esaten dutenean eta basurderik harrapatzen uzten ez dietela iradokitzerakoan.