Otsailaren 2tik aurrera arinduko dira hainbat neurri. Jean Castex Frantziako lehen ministroak jakinarazi du telelana “derrigorrezko” izatetik “gomendagarri” izatera pasatuko dela, eta ez dela edukiera murrizturik egongo kultur eta kirol ekitaldietan. Bestalde, Katalunia aztertzen ari da COVID pasaportea ekintza batzuetarako kentzea.
Omikron aldaerak eragindako olatuari aurre egiteko Frantziako Gobernuak ezarritako neurri batzuk arintzen hasiko dira. Jean Castex lehen ministroak ostegunean aurkeztu ditu datozen asteetako pausuak. Otsailaren 2tik aurrera ez da beharrezkoa izango maskara erabiltzea aire librean; telelana ere ez da derrigorrezkoa izango, soilik “gomendagarria”; kirol eta kultur ekitaldietako edukierak ez du murrizketarik izango. Horrez gain, abenduaren 10az geroztik itxita dauden dantzalekuak irekiko dituzte otsailaren 16an, eta ordutik taberna eta kafetegietan zutik kontsumitzeko aukera egongo da.
Halere, Castexek iragarri du urtarrilaren 24tik txertatze agiria derrigorrezkoa izango dela 16 urterik gorakoentzat, “kutsatzeen eta ospitaleratzeen kopurua jaisten ez den bitartean”. Lehen ministroaren esanetan, bilakaera “itxaropentsua” da, baina ez diete “entzungor” egingo osasun sisteman dituzten “tentsioei”.
Espainian COVID pasea zalantzan
Frantziako Estatuan ez bezala, Espainiakoan maskara derrigorrezkoa da aire zabalean abenduaren 24az geroztik. COVID pasaportea ezartzea izan da Espainiako Gobernuak omikronen olatuari aurre egiteko hartutako beste neurri bat. Bada, gero eta ahots gehiagok zalantzan jarri dute horren eraginkortasuna. Kantabrian, esaterako, urtarrilaren 18tik ez dute COVID ziurtagiririk eskatzen ostalaritzako eta aisialdiko eremu itxietan, “jada helburua betetzen ez duelako”.
Eldiario.es hedabideak argitaratu duenez, Katalunian aztertzen ari dira bide bera hartu edo ez; Kataluniako Generalitateak zientzialari talde bati eskatu dio txosten bat egiteko COVID paseak omikronen aurrean duen eraginkortasunaren gainean. Zenbait ikerketak erakutsi dute orain arteko txertoek ez dutela omikronen kutsatzeak saihesteko eraginkortasun nahikorik, aldaera hori azkarrago eta errazago transmititzen baita. Beraz, COVID ziurtagiriak “segurtasun faltsua” ematen du adituen arabera. Kataluniako Osasun Publikoko zuzendari nagusiak aurreratu duenez, COVID pasaporteak “zentzu gutxi du” omikronekin.