argia.eus
INPRIMATU
Maskara derrigorrezkoa izango da kalera irteteko Italiako bi eskualdetan
  • Larunbatean Lombardian eta igandean Toskanan: Italiako eskualde geroz eta gehiagotan, agintariak maskara erabiltzera derrigortzen ari dira koronabirusa zabaltzea eragozteko.

2020ko apirilaren 05a
Bi italiar aurpegian maskarak dituztela.

Apirilaren 4an Italiako Lombardia eskualdeak –bederatzi milioi biztanle– herritar guztiei agindu die etxetik ateratzen direnean ahoa eta sudurra maskarekin estaltzeko, baita, beste materialik eskura edukiko ez balute, bufandekin ere. Corriere della sera egunkarian irakurtzen denez, maskara derrigorrez janzteko aginduaren helburua herritarrek beren burua babestea eta ingurukoak ez kutsatzea da.

Irekita egon daitezkeen saltokientzako neurriak ere ezarri dira, bezeroei erabilera bakarreko eskularruak emateko obligazioa adibidez, baita eskuak desinfektatzeko soluzio hidroalkoholikoak ere.

Igande honetan antzeko neurriak hartuko dituela iragarri du Toskanak ere –ia lau milioi biztanle– eta herritar bakoitzeko hiru maskara banatuko dituela azaldu du. Enrico Rossi eskualdeko gobernadoreak Facebook bidez adierazi duenez, herritarrek “portaera oker” asko hartu dituzte berriz Italiako eskualde horretan, “bilkura gehiegi” egiten ari dira eta egoera horren aurrean etxeetatik kanpo maskarak erabiltzea derrigorrezko egingo duen ordenantza jarriko du indarrean.

Italiako Gobernuak oraindik ez du herrialde osorako horrelako neurririk hartzeko asmorik agertu, jendaurrean lan egiten duen profesionalentzat salbu, baita etxeetara janaria banatzen duten langileentzat ere. Hala ere, aipatutako bi eskualdeez gain, Veneton ere derrigorrezkoa da supermerkatuetako langile eta bezeroek maskarak janztea.