Frantziako Gobernuak jakinarazi du neurria, azaroaren 8tik aplikatuko dena. Intzidentzia tasa igo delako hartu dute erabakia. Bestalde, Aguraingo Udalak COVID-19 kasuen gorakadagatik haur parkeak itxi ditu.
Datorren astetik aurrera Lapurdiko, Nafarroa Behereako eta Zuberoako Lehen Hezkuntzako eskoletan maskara derrigorrezkoa izango da. Urriaren 11tik ikasleek ez zuten maskararik erabili behar klaseetan, baina Gabriel Attal Frantziako Gobernuaren bozeramaileak iragarri du 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 50 baino handiagoa den departamenduetan neurria berriz zorroztuko dela, betiere 50eko muga bost egunez jarraian gainditu badu.
Ipar Euskal Herria dagoen Pirinio Atlantikoen departamenduan intzidentzia tasak gorakada izan du: azken datuen arabera, azaroaren 2an 88koa da 100.000 biztanleko intzidentzia.
Aguraingo haur parkeak itxita
Arabako herriak 100.000 biztanleko 1.064ko intzidentzia tasa du, eta Berria egunkariak argitaratu duenez, Aguraingo Udalak neurriak zorroztu ditu: haur parkeak itxi, musika eskola eta kiroldegiko edukierak mugatu eta hainbat jardunaldi bertan behera utzi. Halaber, Eusko Jaurlaritzari galdegin dio PCR probak herrian bertan egiteko, Gasteizera joan beharrik gabe. Osasun Sailak uste du ez dela beharrezkoa baheketak egitea. Momentuz azaroaren 21era arte egongo dira neurri berriak.
Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako COVID-19 kasuak areagotzen ari dira. Astelehenean argitaratutako datuen arabera, intzidentzia tasa 90ekoa da EAEn. Halaber, Nafarroan ere gorantzko joera dago: pasa den astean, urriaren 25etik 31ra, intzidentzia tasa 44koa izan da 100.000 biztanleko.