argia.eus
INPRIMATU
Maskara aire librean erabiltzea ez da derrigorrezkoa izango Hego Euskal Herrian
  • Espainiako Gobernuak asteartean bertan behera utziko du maskara aire librean derrigorrez erabiltzeko neurria, Cadena SER irratiak aurreratu duenez.

Axier Lopez @axierL 2022ko otsailaren 04a
Argazkia: Dani Blanco

Kalean maskara erabiltzea derrigorrezkoa da abenduaren amaieratik Hego Euskal Herrian. Azken egunetan koronabirusak kutsatutakoen kopuruak behera egin ondoren, Espainiako Gobernuak neurri hori ezabatzea erabakiko du. "Asmoa da asteazkeneko Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta ostegunetik aurrera indarrean egotea", adierazi du du Carolina Darias Osasun ministroak SER irrati katean egindako elkarrizketa batean.

COVID pasaportearekin batera, kritika gehien jaso duen neurrietako bat izan da maskara aire librean eta egoera guztietan derrigorrez erabili behar izatearena.

Ipar Euskal Herrian ere ez

Neurri murriztaile asko bertan behera utzi dituzte Ipar Euskal Herrian azken asteotan. Pasa den asteartetik aurrera, kalean maskara janztea ez da derrigorrezkoa. Horrez gain, ez da edukiera mugarik izango ikuskizun eta kirol ekitaldietan eta gutxienez hiru egun astean telelana egitea ez da ezinbestekoa izango.