Inbestiduraren bigarren saioko hitzaldian proposamen berri bat egin dio CUPi Artur Masek, eta Antonio Bañosek ezezkoa eman dio. Aterik ez dutela itxi adierazi du Bañosek, eta akordioa lortzeko denbora dagoela gaineratu du.
Goizeko hitzaldian aurkeztu du Masek proposamen berria. Agintaldiko lehen zatia bukatzean – uztaila eta iraila artean – konfiantza bozketa bat egitea gehitu dio eguazten arratsaldean egindako proposamenari. Atzo Junts Pel Sí-k eta CUPek egindako bileran, hiru presidenteordeko gobernua osatzea proposatu zuten.
Gaur presidentea aukeratzeko bigarren saioa egingo da. Goizean Masen hitzaldiaren ostean gainontzeko alderdiek jarduneko presidenteari erantzungo diote. Arratsaldean bozketa egingo dute, eta JxSí-ren asmoa martitzenean lortutako emaitza aldatzea da -62 boto alde eta 73 aurka-. Gehiengo sinplea behar dute presidentea aukeratzeko. Gutxienez CUPen aldeko bi boto eta zortzi abstentzio behar ditu Masek, JxSí-ren 62 botoez gain.
Bañosen hitzaldiaren ostean, ez dirudi hori gertatuko denik. “Harritzen nau gehiengo ahula bilatu nahi izatea, guk gehiengo egonkorra nahi dugu”, adierazi du Bañosek Parlamentean. Batera agintzeko proposamena egin dio, baina “leialtasunez”.
Catalunya Radiok jakinarazi duenez, CUPek eztabaida nazionaleko eguna antolatuko du azaroaren 29an Artur Masen inbestiduraren inguruan hitz egiteko.
Mas, CDCko Josep Rull eta ERCko Oriol Junqueras eta Marta Rovira elkartu ziren CUPeko Antonio Baños, Anna Gabriel eta Benet Salellasekin. Masen hautagaitza berretsi zuten JxSí-koek, eta hiru presidenteorderen proposamena gehitu zioten. Presidenteordeak ondorengoak izango ziren: Junqueras, ekonomia alorrean, Raul Romeva nazioarteko harremanetan eta Neus Munte gizarte gaietan. Agintea partekatuagoa izango litzateke, eta presidenteak dituen ahalmen batzuk galduko lituzke.
Iraileko hauteskundeetan aurkeztu zuen CUPek presidentetza partekatuaren proposamena. Presidente bakarra egotekotan, Mas ez den kontsetsuzko presidentea bat nahi dute.