argia.eus
INPRIMATU
Masen aurkako zigorra, gehiegizkoa Katalunian, txikiegia Madrilgo prentsarentzat
  • 2014ko kontsulta antolatzeagatik Generalitateko lehendakari ohi Artur Masi ezarritako bi urteko inhabilitazio zigorrak orotariko erreakzioak eragin ditu. Sententzia gehiegizkoa da batzuentzat, eta motz geratu da besteentzat. Eztabaidaren gakoetako bi, Masek 2019an Kataluniako hauteskundeetara aurkeztu ahal izango duen ala ez, eta erreferenduma egiteko data.

Jon Torner Zabala @jtorner 2017ko martxoaren 14a
Artur Mas, artxiboko irudian, Espainiako Auzitegi Gorenera heltzen / Javier Soriano, AFP

Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenak jarritako zigorra txikiegia dela uste dutenen artean El Mundo egunkaria dago. Zergatik ezarri diote Masi hain zigor txikia? eta Estatuari desafio egiteagatik, zigor testimoniala artikuluetan jaso du bere iritzia egunkariak. Besteak beste, zera irakurri daiteke: "Epaiaren berehalako ondorioa da Masek ezin izango duela hauteskunde batzuetara aurkeztu bi urte pasa arte, Espainiako Auzitegi Gorenean errekurtsoa jarri ala ez. Hala, Kataluniako hauteskundeak aurreratzen ez badira, 2019an diputatu izateko aurkeztu ahal izango luke. Praktikan, beraz, zigorrik jaso ez balu bezala da".

Zentzu horretan, Vanguardia egunkariak gogorarazi du, epaia irmoa ez bada ere, Masek ezin izango duela hauteskundeetara aurkeztu, baldin eta Auzitegi Gorenak ez badu baliogabetzen Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenaren erabakia.

"Espero genuen, baina larria da"

Generalitateko presidente Carles Puigdemontek gogor egin du epaiaren aurka. "Espainiar justiziak gaur zigortu duena, Kataluniako herriak indultatu egingo du erreferendumarekin", adierazi du: "Epaia zein izango zen espero genuen, baina larria denik ezin ukatu. Herritarrei euren iritzia plazaratzeko aukera emateagatik zigortu dituzte [Mas, Joana Ortega Generalitateko lehendakariordea eta Irene Rigau sailburu ohia]. Gaur sentitzen dugu guztiok zigortu gaituztela, baita ezezkoa bozkatu zutenak ere; 2014ko galdeketan parte hartu zuten 2.300.000 lagunek erreduntasun epaia jaso dute".

Bestetik, CUPek bukatutzat eman du erreferendumaren harira adostutako bide-orria, eta eskatu du galdeketa aurreratu (irailera arte itxaron gabe) eta desobedientziaren bideari heltzeko.

Estatu mailako alderdi politikoei dagokienean, haien erreakzioak "aurreikusitakoak" izan dira, Alberto Pradilla kazetariak Naiz.eus-en nabarmendu duen moduan: PPk, PSOEk eta Ciudadanosek erabakia txolotu dute, eta kritikatu Podemosek.