argia.eus
INPRIMATU
Masek ez du independentziaren aldeko giza katean parte hartuko
Lander Arretxea @larretxea 2013ko abuztuaren 28a

ANCk Generalitateko kontseilariei giza katearen Bartzelonako Sant Jaume plazako zatia gorde diela iragarri zuen duela bi aste, eta badira bertan izango direla aurreratu duten gobernukideak. Osasun eta Barne kontseilariei aldiz, larrialdien eta Mossoen kudeaketa dagokie, eta ez dute parte-hartzerik izango, baina ekimena txalotu dute.

Francesc Homs Generalitateko bozeramaileak positiboki baloratu du ekimena, nazioa sendotzen lagunduko duelakoan. Haatik, bakoitzak bere betebeharra zein den bereizi behar duela uste du. “Irailaren 11n herritarrak izan behar dute protagonista. Gobernu-erakundeon ardura gure eginkizunak ahalik eta hobekien betetzea da; herritarrei ostera, bultzatzea dagokie”.

Independentziarako bidea

Irailaren 11n festa nazionala da Katalunian, Diada. Pasa den urteko indar erakustaldia gaindituko duen ekimena jarri dute martxan:  Via Catalana cap a la Independència (Bide Katalana Independentziarantz). Herrialdea iparretik hegora zeharkatuko duen 400 kilometrotik gorako giza kate erraldoia da. ANCk antolatu duen ekimenak Bartzelona, Girona eta Tarragona bezalako hiriak lotuko ditu besteak beste. Ikus-entzunezko hau sortu dute 'Via Catalana' iragartzeko:

 

Elkartasun ekintzak Euskal Herrian

Kataluniako herriari elkartasuna adierazi nahian, irailaren 7rako zenbait ekintza antolatu ditu Independentistak Sareak Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Kataluniarrei babesa adierazteko, giza katea osatuko dute, munduan zehar beste hainbat herrialdetan egingo duten moduan, Ostegunean prentsaurrekoa emango dute Bilbo, Donostia, Iruñea eta Gasteizen antolatuko diren ekintzen ordua eta kokapena zehazteko.