argia.eus
INPRIMATU
Jon Iurrebaso Atutxa
Masailezurra apurtzeagatik 200 euro baino ez
  • Espainiar zein Frantziar burges diktadurei adierazpen askatasunak kalte egiten dienean, adierazpen askatasuna eta manifestazioak egiteko eskubideak debekaturik daude Euskal Herrian. Zer esanik ez, faxista ikusgarrienei babesa emateko bada, edozein gaia izanda ere. Matxinada faxistatik eta 1978 makillajetik datorren erregimenarekin gaurko Espainiak apurtu ez duenez, ezin da beste modurik izan.

Jon Iurrebaso Atutxa 2019ko abuztuaren 10a

Hasteko, eta VOX alderdi faszista (2019-04-13) Bilbon egin zuen ekitaldiaren aurrean egin zen protestarekin loturik, gertatu behar zena gertatu zela esan beharra dago. Euskal Herrira faxistak datozen bakoitzean, euskaldunok isunak, kolpeak eta atxiloketak jaso behar ditugu zapaltzen eta esplotatzen gaituztenen demokraziaren izenean.

Gure zapatzaile eta klase etsaien legea beti defendatzen dute espainolen zipaioek, bai politikoak zein koertzitiboak. Zentzu honetan, gutako askok kolore anitzeko polizia “vasco-navarra” Espainiar Polizia Autonomikoa (EPA) ezagutzea ez da arazo hutsala.

Gauzak hola, Euskal Herria Sozialista lortzeko erabateko sistematik mugarriak ezarri ahal direla  hauxe galdetuko genieke: zergatik ez da Bilboko udala pertsonatzen akusazio partikular gisa EPA-k aurtengo apirilak 4 egin zuen basakeria dela eta? (besteren artean, neska bati masailezurra apurtu eta gainera 200 euro izuna ezarri irainengatik). Bortxaketa matxista baten aurrean, zergatik agertzen da hedabide guztietan Udalaren protestatzeko deialdia (udaleko alderdi guztiak elkarrekin aho batez) feministen eta besten herritar kolektiboen eta abarren aurretik? Erantzuna begi bistan dago. Masailezur apurtua adibidearekin nork agintzen duen erakusten duelako. Bortxaketa eta erasoen aurkako deialdien “lidergoa”k, dohainik ateratzeaz gain, etekinak ematen dizkie. Bien bitartean ezkutatu egiten dituzte kultura eta menpekotasun patriarkala eta hauekin akabatzeko benetako planteamendua batetik eta bestetik euskal herri langileak eta batez ere euskal langileriak dituzten arazo larriak.

Eta neska hori “pelotazoa”-k masailezurrean ez kolpatzekotan eta lokian joz gero (zentimetro gutxiko gauza), zer gerta zatekeen? “Actuación proporcionada” delako bategatik beste erailketa bat izango genuela. Eta Bilboko jaiak hain gertu egonda, hauxe galdetzen diogu geure buruari, zer egin zukeen klase politiko ofiziala eta sistemakoak? Eta batez ere, zer egin genezakeen beste batzuk? Eta G7 delakoa gertu izanik… eta gertatzen bada?

Eskubide osoa daukagu gure iritzia plazaratzeko, mobilizatzeko, gure ideak zabaltzeko, eta hitz gutxitan, geure burua defendatzeko eta borrokatzeko eskubidea daukagu. Kapitala eta burgesiaren filosofia klasista, zitala, berekoia, insolidarioa, indibidualista eta ankerrarekin alienaturik ez gaudenok, ezin dugu hau bezalako egoerak pasatzen utzi.

Gertakari hau aipatzen dugu zeharo ikusgarria delako eta gure kontraesanak eta kontzientziak astintzeko asmoarekin. Bukatzeko, atzoko eta gaurko bi kontsigna: alde hemendik!  Indar errepresiboak apurtu!