Jean-Rene Etxegaraien zerrendan aurkezteko hautua egin zuen Joseba Erremundegi abertzale eta euskaltzaleak. Justuki abertzale eta euskaltzale den horri luzatu dizkiogu bizpahiru galdera, hautatu duen zerrenda ez delako abertzalea eta eskuinekoak ere dituelako bere taldean.
Hiri mailan, euskararen biziberritzerako bidean Etxegarai zen hautagai ona eta orain ondoko sei urteetan sekulako lana egin beharko dugu arlo horretan. Ipar Euskal Herriko populazioaren parte handiena Baionan eta inguruan da eta, aldi berean, hemen da euskaldun kopuru ttipiena. Hor behar ditugu indarrak eman eta beharbada ere gauza berriak asmatu, hemen bizi den jendea euskarara ekartzeko. Bistan da, euskara ikusgarriago egin eta irakaskuntza elebiduna akuilatzeko lan egin beharko dugu. Elkargo mailan ere, oraino ez dakigu presidentetzari buruz nola kokatuko den Etxegarai, baina abertzale gisa, izan Etxegarai lehendakari ala ez, elkargoarentzat ona da Baionan Etxegarairen listak irabazi izana, etorkizunean ere elkargoa azkartzen segitzeko.
Badira bi elementu. Batetik, euskaldun baten ikuspegitik, argiki ez da aski egin eta bada sekulako lana egiteko. Baina bestetik, 2014tik hona egin dira gauza batzuk. Behar dira sentsibilizatu bertze hautetsiak eta herriko etxeko teknikariak, zeren eta haien ikuspegitik anitz egin da, haien eguneroko lanean anitz aldaketa galdetu zaie. Beharbada falta izan da sentiberatze hori. Gaurdanik hasi behar dugu, plantan ezarriko ditugun neurriak ulertuak izan daitezen, horrek erraztuko du gauza anitz.
Nik pusatuko dut alde horretara. Ez dakigu nork zer kudeatuko duen, baina ondoko sei urteetan nahi nuke –eta Etxegarai horrekin ados da– euskara plan bat garatu, indarrak emanez irakaskuntzaren garapenean eta euskararen ikusgarritasunean. Beharko ditugu gauza berriak asmatu, desmartxa partehartzaileak eta beharbada ere zabalagoak. Euskara Baiona Ttipitik atera behar dugu; hor egonen da beti, baina behar dugu eraman bertze auzoetara. Lehen itzulirako egin bilkura publikoetan, gehienetan lehen hitza euskaraz erran eta harritu naiz ikustearekin zenbat jendek erantzuten zidaten euskaraz, eta pertsona horiek ez ditut sekulan ikusi Baiona Ttipian! Hor bada zerbait egiteko: militanteak behar dira eta aktibazioa behar dugu, baina behar dugu lortu masa euskaldun hori ere iratzartzea.