argia.eus
INPRIMATU
CUP aztertzen ari da Junts Pel Sík egindako azken proposamena
  • Irailaren 27tik negoziazioetan ari dira Junts Pel Sí eta CUP eta gaur zuten finkatua akordiora iristeko azken eguna. Junts Pel Sík azken proposamena egin dio CUPi eta hau berau aztertzen ari da une honetan. Arratsaldeko 17:00etan emango dute prentsaurrea.

ARGIA @argia 2015eko abenduaren 22a

Asteartea zuten akordioa ixteko muga, horrela CUPek herriz herri aurkeztu ahal izango du dokumentua igandean duen batzarrean onartu dadin edo ez. Kataluniako hedabide ugarik diote aurreakordioa dela adostutakoa, baina CUPeko zuzendaritzak Twitterrez jakinarazi duenez, Junts Pel Sík egindako azken proposamena litzateke eta orain ari dira aztertzen.

Astearte eguerdian egindako prentsaurrean, Junts Pel Síko buruzagi Raül Romevak proposamenaren gorabeherak eman ditu eta, besteak beste, pobreziaren aurkako planerako 270 milioi euro aurreikusten direla azaldu du. Gobernu berriak aurrekontuak beharko dituela esan du Romevak, baina alor horretan oraindik ez dutela akordiorik lortu. Barcelona Word proiektua ere bertan behera geratuko litzateke Junts Pel Síren dokumentuaren arabera.

Lehendakaria

Romevaren esanetan, lehendakaria baino lehendakaritza hautatuko litzateke inbestiduran. Funtsean, duela aste batzuk Junts Pel Sík CUPi egindako proposamena da, hau da, Artur Mas izango litzateke lehendakaritza organu kolegiatuaren lehendakaria, eta beste hiru lehendakariordek euren esparruko hainbat kontseilaritza kudeatuko lituzkete.