argia.eus
INPRIMATU
Mas eta bere bi kontseilari epailearen aurrera A-9ko herri galdeketagatik
  • Artur Mas, Joana Ortega eta Irene Rigau epaituko dituzte 2014ko azaroaren 9ko herri galdeketagatik, desobedientzia eta prebarikazio delituak leporatuz. Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenak hartu du epaiketa hasteko erabakia. Data oraindik zehazteko dago.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko urriaren 14a
Joana Ortega eta Irene Rigau epaitegietarako bidean.

Artur Masentzat hamar urteko inhabilitazioa eskatzu du fiskaltzak, presidente ohia “delituen egiletzat” hartzen baitu. Joana Ortega presidenteorde eta Irene Rigau hezkuntza kontseilari ohientzat bederatzi urte eta erdiko inhabilitazioa da eskaera, delituen “ezinbesteko kolaboratzaile” izateagatik. Lehenari funtzionario publikoak antolatzeaz akusatzen zaio eta bigarrenari ikastetxeen irekieraz.

Inhabilitazioez gain, zigor ekonomikoak gehitzeko eskatu du fiskaltzak, 36.000 eurokoa Masentzat eta 30.000 eurokoak kontseilari bakoitzarentzat, Espainiako Konstituzio Auzitegiari “desobedientzia larria” egin izana argudiatuta.

Akusatuei ez zaie kartzela zigorrik eskatzen, Manos Limpias eta polizien sindikatuek hala nahi zuten arren. Diru publikoaren erabilera okerra izan zitekeen horretarako arrazoi, baina fiskalak bertan behera utzi du. Konstituzio Auzitegiaren epaia baino lehen sinatu ziren galdeketarako beharrezko kontratazioak.

PDECat Kataluniako Alderdi Demokrata Europarrarentzat, lehen CDC, “burugabekeria” bat da epaiketa. “Pentsaezina da jendeari entzuten saiatzeko ausardia izan dutenak zigortzea”, adierazi du Kataluniako presidente Carles Puigdemontek eta erantzuna emango dutela gehitu du.