Erresuma Batuko Airfinity datu analizatzaileak aurreikusi du Europar Batasunak eta G7ko estatuek erositako milioika txerto dosi xahutuko direla erabili aurretik; ohartarazi dute banaketa arazoengatik izan litekeela. UNICEFek jakinarazi du herrialde pobretuek uko egin zietela 100 milioi dosiri abenduan, iraungitze muga laburregia zutelako.
Estatu aberatsenetako gobernuek xahutu egin dituzte milioika dolar eta euro, COVID-19aren aurkako txertoak erosteko. Erresuma Batuko Airfinity zientzia datuen agentziak kaleratutako analisi baten arabera, martxoan 241 milioi txerto erabili gabe geratuko dira, banatu aurretik iraungi egin direlako. Airfinityko buru Rasmus Bech Hansen-ek arrazoia argitu du: "Zifra horiek erakusten dute mundu osoa txertatzeko arazoa banaketari lotuta dagoela, eta ez hornidurari". Ohartarazi du txerto gehiegi daudela, eta "laster" banatzen ez badira zaborretara bota beharko direla; sei hilabete inguruko iraungitze data dute.
Aurreikuspen hori egin dute kontuan hartuta G7ko herrialdeek eta Europar Batasunekoek (EB) zenbat dosi erosi dituzten, eta, bestalde, zenbat jarri diren, 12 urtetik gorako guztien errefortzu dosi kopurua, zalantzan dauden pertsonena eta beste herrialdeetarako dohaintzak.
Aberatsen soberakinak, pobretuenei
Agentziak gogorarazi du irailean aurreikusi zutela 2021 amaitzerako 100 milioi dosi iraungiko zirela, eta, hain zuzen, urtarrilean UNICEFek jakinarazi duela herrialde txirotuek ukatu egin dituztela 100 milioi txerto baino gehiago, azkarregi iraungiko zirelako. Covax mekanismoaren bidez herrialde pobretuenei txertoak helarazteko bidea irekita dago, baina kontuan izanda herrialde aberatsen "soberakinak" izaten direla dosi gehienak, milioika txerto iraungitzear iristen dira. Matt Linley agentziako analistak azpimarratu du herrialdeek txertoak jasotzerakoan gutxienez bi hilabeteko iraungitze tartea behar dutela, bestela ez baitie denborarik ematen jendea txertatzeko.
Espainiako Estatuan ia milioi bat dosi xahutu dira 2021ean, Eldiario.es hedabideak argitaratu duenez; 934.036 dosi iraungi dira erabili aurretik.