Martxoaren 8a hurbiltzen ari zaigu, eta urtero bezala, instituzioek haien diskurtsoak berdintasun politika eta feminismoz josten dituzte, eta enpresek borroka egun hau “emazteen egunera” murrizten dute, emakumeei bideratutako merkatu estereotipatu oso bati bidea irekita.
Gaur egun kapitalismoak eta gobernariek arrunt haienganatu eta desitxuratu dute Martxoaren 8ko borroka eguna, eta eduki politikoa hustu diote. Alta, jatorrian, XX. mende hastapeneko emazte iraultzaileek bultzaturiko borroka eguna zen, Clara Zetkin bezalako figurak buru. Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatzetik haratago, bizi dugun errealitate kapitalista bere osotasunean irauli beharra zela azpimarratzen zuten, kapitalismoa bera baita genero zapalkuntzaren sorburu. Hortaz, argi zuten berdintasunik eta emazteentzat hobekuntza iraunkorrik ezin zela lortu klase gizarte baten baitan, eta klase gabeko gizarte baten aldarria lehen lerroan eman zuten: sozialismoarena.
Gaur egun, ez da modan emazte langilea terminoa bera ere, eta ardura gaizki ulertzea ere baliteke. Baina garbi mintza gaitezen: emazte langileez ari garenean, agintean den klase dominanteak zapaldutako langile klasearen baitako edozoin emaztez ari gara. Eta horrek ez du deus ikustekorik lan baten ukaitearekin ala ez. Izan ere, emazte bezala izenda daitekeen talde homogeneorik ez da existitzen kapitalismoaren baitan, non klase gatazkak dena zeharkatzen duen.
Uste dugu instituzio kapitalistek, justiziak barne, ezin dutela berdintasun errealik bermatu. Hobeki errateko, klase dominantearen esku direno, emazteon zapalkuntzari ez zaiola soluziorik ematen ahal
Interes eta errealitate ezberdinak ditugu emazteok ere, eta Martxoaren 8an sekulan baino agerikoagoa da arrakala. Batzuk konformatuko dira goi kargutan berdintasun gehiago egon behar dela aldarrikatzearekin, soldata arrakala gaitzestearekin, hots, kapitalismoaren baitan gizon eta emazteen arteko berdintasunaren alde egitearekin. Beste batzuk, ordea, uste dugu instituzio kapitalistek, justiziak barne, ezin dutela berdintasun errealik bermatu. Hobeki errateko, klase dominantearen esku direno, emazteon zapalkuntzari ez zaiola soluziorik ematen ahal. Eta jakin badakigu boterean diren gobernuak nehoiz baino aurrerakoiagoak direla gai horietan, Me Too uhinaren gainean ontsa surfeatzen jakin dutela. Baina errealitatea bestelakoa da: erasoen zifrek etengabe gora egiten dute, ideia erreakzionarioek espazioa irabazi dute eta eskuin muturreko zenbait sektorek ere haienganatu dute feminismoaren aldarria. Azken urteetako aurrerakuntza feministek zapalkuntza ikusarazi dute, egia, baina zapalkuntzaren oinarria bera sekulan dudan eman gabe.
Emazteen emantzipazio erreala nahi badugu, urgentea da genero zapalkuntza bukatuko duen estrategia iraultzaile bat berriz mahai gaineratzea, eta kapitalismoa eta bizi ditugun zapalkuntzak betikotzen dituzten instituzioen eta politikarien faltsutasuna agerian uztea eta hortik kanpo antolatzea. Horregatik, Martxoaren 8 bezpera honetan, Itaiatik emazte langileei antolatzeko eta Baiona zein Garazin eginen ditugun mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu.
Elixabet Etchandy, Ipar Euskal Herriko Itaiako kidea