Martxoaren 5etik 8ra arte hartuko ditu Bilboko kaleak mugimendu feministak. Antikapitalismoa, antiarrazakeria eta gorputzak eta sexualitateak gaiak ardatz hartuta, hainbat ekintza burutuko dituzte.
Martxoaren 8ari begira Euskal Herriko mugimendu feministak agerraldia egin zuen otsailaren 18an Iruñean, eta bertan egindako irakurketaren ildo beretik tiraka ari dira tokian tokiko feministak Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna prestatzen. Bilboko mugimendu feministak asteazkenean aurkeztu du landutako egitaraua, Zirika! herri gunean. Lau egunez mobilizatzera deitu dute, martxoaren 5etik 8ra arte. “Aurten berriro ere Bilboko kaleak beteko ditugu, eta ozen eta argi esango dugu: jendarte eredu hau bizigaitza dela pertsona gehienontzat, batez ere emakume eta genero disidenteontzat, eta jasanezina planetarentzat”, adierazi dute Bego Beraza eta Julia Marti bozeramaileek.
Antolatu indarrak, batu borroka feministara da aurtengo martxoaren 8ko leloa, eta leloak berak ulertzera ematen duenez, borrokara eta antolakuntzara deia egin nahi da. “Neoliberalismoak hain eragin handia duen mundu honetan, indibidualismo basati eta atomizatua sustatzen duen mundu honetan, komunitate feminista konprometitua eraiki behar dugu, sare sozialek eragiten duten pasibotasuna gaindituz. Kaleetan eta talde, kolektibo eta asanbladetako antolakuntza feministaren bidez ere presioa egin behar dugu”, adierazi du mugimenduak. Ildo horretan, aldarrikapen zehatza egingo du Bilboko mugimendu feministak aurten: Emakumeen Etxea martxan jartzea. Eskariak zuzenean dago lotua antolakuntza beharrarekin, Emakumeen Etxea horretarako bitartekoa izango bailitzateke.
Lau eguneko egitaraua hiru ardatzen bueltan osatu dute: antiarrazakeria, antikapitalismoa eta gorputzak eta sexualitateak. Martxoaren 5ean, osteguna, justizia patriarkala salatzeko ekintza egingo dute epaitegien parean, 18:30ean. Martxoaren 6an, arrazakeria izango dute jo puntu: goizez, 11:00etan, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren Atzerritarren bulegoen parean mobilizatzera dei egin dute, “gure feminismoa antiarrazista” dela aldarrikatzeko; iluntzeko 19:45etan, bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean eserialdia egingo dute. Martxoaren 7an Kale Nagusia hartuko dute 19:00etatik aurrera, feminismo antikapitalista aldarrikatzeko; beltzez jantzita, diskurtso feminista kontsumogai bilakatzen dituzten saltokiak seinalatuko dituzte. Egun berean, gauez, manifestazioa egingo dute Arriagatik abiatuta, kaleak emakumeenak direla eta hartu egingo dituztela aldarrikatzeko. Egun handia, baina, martxoaren 8a izango da; “Bilbo gurea izango da egun osoz”, azpimarratu dute. Data hori borroka eguna dela eta feministak antolatuta daudela adierazi asmoz, kaleak egun guztian zehar hartzea da asmoa; mobilizazio nagusia, baina, 13:00etan egingo da Jesusen Bihotzetik abiatuta. Arratsaldean beste manifestazio bat egingo da San Frantzisko auzoraino, emakumeen etxea bertan jartzea eskatzen baita.