EHUk lana eta soldata kenduko dizkio, hilabete batez, joan den martxoaren 8an ikasle bi makilaz jo zituen Medikuntza Fakultateko irakasleari. Erasoa jasandako emakumezko biak greba feministaren mobilizazioetan parte hartzen zebiltzan.
Gertakarien ostean, Leioako Ikasle Feministak taldeak salatu zuen zigortutako irakaslea oldartu egin zitzaiela eta, hainbat irain egin ostean, euretako bi makilaz jo zituela. Ez zuten salaketarik ipini epaitegietan, baina EHUko Errektoretzara jo zuten, kexatzeko.
Unibertsitateak apirilaren 10ean hasi zituen izapideak, HIRUKAk eskuratutako agirian ikus daitekeenez, eta horien ondorioz irakaslea hilabetez kargutik kentzea erabaki du Errektoretzak. Azaroaren 5eko data dauka ebazpenak, baina orain ezagutu da haren edukia, feministek EHUren pasibotasuna salatu eta egun gutxira. Legearen arabera, zigorraren berri espedientatutako irakasleari baino ezin diezaioke eman unibertsitateak, eta debekatua dauka ebazpena publiko egitea.
Albiste hau Hirukak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.