Euskal Herriko mugimendu feministak Martxoaren 8an “planto” egitera deitu du. Lau arlo nagusi izango ditu grebak: lan greba, zaintza greba, ikasle greba eta kontsumo greba. Egunaren nondik norakoak zehazteko asanbladak antolatu dituzte Donostian, Gasteizen eta Iruñean.
Lehengo urtean Latinoamerikako hainbat hiriburutan antolatu zituzten grebei jarraipena emango zaio Euskal Herrian. Erronka berria izango da baina mugimendu feministatik zabaldu duten mezua argia da: “Guztiok gelditzen bagara, sistema geratuko dugu”.
Urtarrilaren 10ean egingo dituzte asanbladak. Donostian Emakumeen Etxean izango da, arratsaldeko 19:00etan. Gasteizen, aldiz, Aldabe gizarte-etxean egingo dute batzarra ordu berean. Iruñean Zabaldin antolatu dute asanblada, arratsaldeko 18:00etarako. Parte hartzera dei egin dute, “norbanakoa garrantzitsua delako, baina batuta garaiezinak garelako”.