argia.eus
INPRIMATU
Martxoaren 8an egingo den greba aurkeztu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak
  • “Emakumeok* planto” lelopean, greba deialdiaren nondik norakoak azaldu dituzte Donostiako Tabakaleran. Lau esparrutan jarriko dute fokua aurtengo greban: zaintza greba, lan greba, kontsumo greba eta ikasle greba. Bi lanuzte iragarri dituzte, bata goizean eta bestea arratsaldean. Kontsumoari dagokionez, saltoki handietan ez erosteko deia zabaldu dute.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko otsailaren 02a
irudia: @M8DebaBailara

Bizitza erdigunean kokatzen duen ekonomia bat aldarrikatu behar dela nabarmendu dute, egungo sistemak ikusezin bihurtzen baititu lan feminizatuak eta zaintza lanak. “Horren ondorioz datoz hainbat indarkeria”.

“Lana” kontzeptu gisa zalantzan jartzeko ordua dela esan dute, eta enplegatuta dauden emakumeez gain, zaintza lanetan, kontsumoan eta ikasketetan ere greba egiteko deia egin dute.

Lanuzteak bi zatitan egingo dira: 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara. Grebari babesa erakusteko tresna gisa, besoko morea jantzi eta amantalak balkoi edo leihoetan zintzilikatzeko eskatu dute.

Ondasunen eta lanen banaketa parekidea eskatu dute, eta zaintza lanetarako ardurak hartzeko eskatu diete instituzioei. "Lan esparruaz harago doa borroka hau. Indarkeria ororik gabeko bizitza nahi dugu, gure bizitzez, sexualitateaz eta bizitzaz erabaki ahal izatea".

Nazioarteko greba bat izango da, eta herriz herri antolatutako ekintzekin osatuko dituzte deialdi nagusiak. Egun horretan ez kontsumitzeko deia egin dute, "bereziki enpresa eta saltoki handietan".