argia.eus
INPRIMATU
Martxoaren 8an “bizitzekin negoziorik ez” egiteko aldarrikatzera kalera aterako da EH Mugimendu Feminista
  • Martxoak 8a “borroka eta salaketa eguna” dela gogorarazi du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eta mobilizazioetara batzeko deia zabaldu du. Aldaketa kultural eta instituzional sakonak eskatu ditu, emakumeen aurkako indarkeriei aurre egiteko.

Leire Artola Arin 2024ko martxoaren 04a
Argazkia: Nafarroako Mugimendu Feminista.

“Gure lan-indarra esplotatzen duen sistema heteropatriakal kapitalistari egin behar diogu aurre”, ohartarazi dute Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideek, asteleheneko Iruñeko prentsaurrekoan. Emakume langileen nazioarteko eguna gainean dagoela-eta, azpimarratu dute ospakizunerako baino gehiago borrokarako eguna dela ostiralekoa, feministentzat hain garrantzitsua dena.

Aurtengoa ere bizitzako esparru guztietan eragiteko baliatu nahi dute, eta auzo, herri eta hirietan antolatu dituzte manifestazioak. Euskal Herriko Mugimendu Feministak arratsalderako deitu ditu mobilizazio nagusiak: Baionan 18:00etan Herriko Etxeko plazatik, Gasteizen 18:00etan San Anton plazatik, Donostian 18:30ean Antiguako tuneletik, Bilbon 19:00etan Jesusen Bihotza plazatik, eta Iruñean 19:00etan Antoniutti parketik.

Iazko M8an iragarri zuten greba feminista orokorra egingo zutela, zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzeko. A30etik lau hilabetera, salatu dute instituzioek entzungor jarraitzen dutela, eta Eusko Jaurlaritzari leporatu diote EAEko zaintza itunarekin “ahoa hitz politez betetzea”: “Gure diskurtsoaz jabetzeko saiakeretan dabiltza”. Egungo zaintza sistema “esplotazioan” oinarritzen dela diote, eta salatu dute emakume migratzaileek jasaten dutela zaintza lanen pisua: “Horietako askok etxeko langile egoiliar gisa 24 orduz asteko zazpi egunetan lanean dihardute, eta hori onartezina da!”. Nafarroako zein EAEko agintariei argitu diete ez dutela itunik nahi, ez badago baldintza hauek betetzeko aurrekontu eta plan zehatzik: publifikazioa, pribatizazioa amaitzea, baita Atzerritartasun Legea deuseztatzea ere.

Emakumeen beharrak, logika merkantilistan

Gure bizitzekin negoziorik ez. Hartu ardura! leloak dioen bezalaxe, Mugimendu Feministak nabarmendu du “logika merkantilistetan” dagoela emakumeen bizitzetako oinarrizko behar oro: zaintza, elikadura, etxebizitza, osasuna, eta beste. Halaber, berretsi dute aldaketa kultural zein instituzional sakonak beharrezkoak direla, emakumeek egunerokoan jasaten dituzten askotariko indarkeriei –fisikoa, ekonomikoa, sinbolikoa, instituzionala...– aurre egiteko.

Martxoak 8an oroitu nahi izan dituzte indarkeria matxistaren ondorioak jasan dituzten emakume eta neskatoak; eraildakoak, bortxatutakoak, jazarritakoak eta etxetik kanporatutakoak. “Emakumeen* aurkako indarkeria sistemikoak genero eta botere desberdintasunak betikotzen ditu egitura sozial, politiko eta ekonomikoen bidez”, kritikatu dute. Zehaztu dute Europara migratutako emakumeak “erabateko zaurgarritasun egoeran” uzten dituela Atzerritartasun Legeak, indarkeria ugariren aurrean. Arrazakeria baztertzeko eskatu dute.

Palestina eta batik bat emakume palestinarrak ere gogoan izan dituzte. Jasaten ari diren sarraskia salatu eta elkartasuna adierazi du Mugimendu Feministak: “Badakigu emakumeen gorputzak direla lehen konkista-lurraldeak”.