argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko mugimendu feministako kideak
“Martxoaren 8a, zaintza-sistema eraldatzeko prozesu luzeko inflexio puntu gisa markatzen dugu”
  • Denon bizitzak erdigunean. Zaintzak irauli dena aldatzeko lelopean bideratuko du gaurko eguna, martxoak 8a, Euskal Herriko mugimendu feministak. Zaintza-sistema iraultzeko bidean, epe luzeko prozesua abiatuko du gaur. Mugimendu feministako Ainhoa Olaso Sopela eta Amaiur Egurrolarekin hitz egin du ARGIAk nundik-norakoak jakiteko asmoz.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko martxoaren 07a

Bizitzak Erdigunean Euskal Herriko Koordinakunde Feminista COVID19 konfinamendu garaian osatu zenuten. Hiru urte pasa dira. Zertan da taldearen dinamika? Nola antolatuak zarete?

A. Egurrola: Pandemia garaian sortu zen koordinadora, hainbat espazio feministen artean. Urte bete inguru daramagu prozesua lurreratzen: iazko otsailean Gasteizen egin genituen jardunaldiak horren adibide dira, edota aurtengo ikasturtean antolatutako probintzietako asanblada jendetsuak. Orain, koodinadoratik jasotako edukia Euskal Herriko Mugimendu Feminista ari da lantzen. Denon Bizitzak Erdigunera prozesua publiko egin berri da, eta herriz herri, auzoz auzo antolatzen ari gara, Euskal Herri mailako koordinazioa emateko bermeak jarriz.

Zergatik sentitu duzue prozesu kolektibo hori abiatzeko eta espazio publikoak berriz hartzeko beharra?

A. Egurrola: Durangon ospatu genituen Euskal Herriko Jardunaldi Feministetan mugimendu feministak agenda konpartitu baten beharra zeukala ondorioztatu genuen. Horrekin batera, gainera, zaintzaren problematika eta bizitza duinen aldeko borrokak erdigunea hartu zuen. Ordutik esan genezake, agenda hori modu zabal batean eraikitzeko beharra izan dugula.

A. Olaso: Pandemiarekin batera, lehendik aldarrikatzen eta teorizatzen genuen hori guztia are nabarmenagoa egin zen: kapitalismoaren erro patriarkala erabat biluzian agertu zitzaigun. Bestetik, pandemiaren eragina nabarmena izan da mugimendu feministan: desesperantza, berraktibatzeko zailtasunak eta mugimenduarekiko konexioa galtzea eragin du, besteak beste. Prozesu hau inoiz baino beharrezkoa iruditzen zaigu euskal herritarron bizi baldintza duinen alde lan egiteko, eta borroka feministatik abiatu dugu dinamika. Horretarako, prozesu hau era kolektiboan egitea, erabakiak ahalik eta espazio zabalenetan hartzea eta kaleak berreskuratzeko planteamenduak abian jartzea ezinbestekoa egin zaigu.

Prozesu lurreratua eta kolektiboa izanen da. Agendaren baitako pauso edo osagai garrantzitsuak aurkezten ahal dizkiguzue?

A. Egurrola: Iazko otsailean Gasteizen elkartu ginen Euskal Herriko Mugimendu Feministako hamarnaka kolektibo, Euskal Herriko esparru eta bazter ezberdinak elkartzeko ahaleginean. Bertan, dosier bat osatu genuen, hainbat eduki, aldarrikapen eta ekintza plan proposamenekin. Aurtengo ikasturte hasieran, ekintza plan hori konpartitzen hasi gara probintziaka eta erabakiak hartzen gutxinaka gutxinaka. Herrialdeka antolatu gara, lan taldeak sortu dira, eskualdeetako parte hartze espazioak zabalduz. Herrietako asanblada zabalak elkartzen dabiltza eta koordinazio mahai bat eratu dugu, guzti horiek eusten saiatu eta koordinatzeko.

A. Olaso: Otsailaren 1ean egin genuen publiko prozesua. Ordutik, webgunea jarri dugu martxan eduki eta borrokarako tresna ezberdinekin. Martxoaren 8 bezperetan, herri eta auzoetako asanbladetan prozesua lurreratzeko gonbitea luzatu dugu, eta hala ematen ari da gehientsuetan. Gaurko eguna, martxoaren 8a, prozesu luze honetako –epe ertain luzera jartzen baitugu begirada– inflexio puntu bezala markatzen dugu. Ordura arte, aldarrikapenak eta borrokak lekutzen, zabaltzen, sozializatzen eta osatzen hasi garen arren, ordutik aurrera oraindik eta lan handiagoa etorriko baita: Euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioa eraikitzeko palanka eratzen ari baigara.

Diozue "zaintzarako eskubide kolektibo baten alde egiten dugu. Pertsona guztiek bizitza osoan zehar zaintzak askatasun, duintasun, eta konpromisio badintzetan emateko eta jasotzeko duten eskubidearen alde. Hori menpekotasun-egoeratik baino askoz harago doa". Zein dira zaintza "eskubide kolektibo" gisa bideratzeko baldintzak?

A. Egurrola: Eskubide kolektiboa izango den heinen, ardurak ere hala behar luke. Instituzioen papera ezinbestekoa izango da neurriak hartzerako garaian. Alde batetik, zaintza justuetarako eskubidea izateko, baliabide material duinak bermatuta egon beharko lukete, persona migratuen erregularizazioa, etxebizitza eskubidea, lan baldintza duinak, zaintzarako denbora… Beste alde batetik, zaintza lanak desmerkantilizatzeko eta desfamiliarizatzeko neurriak hartzea exijitzen ditugu. Honekin batera, zaintzak lanak feminizatuak diren heinean, gizonek ere ardura hartu beharko dute. Komunitateak ardura garrantzitsua du guzti honetan. Pedagogia eta interpelazio ezberdinak egiteaz ez ezik, bizitza eredu askatzaileak eraikitzeko oinarri zuzena izango da. Gainera, interdependienteak garela onartuta, harreman sareen garrantzia erdigunean jarriko du.

Diozue ere "zaintzak erantzukizun sozial izan dadin eta ez negozio". Zaintza erantzukizun sozial izan behar bada, gure jendartean eta gure bizietan aldaketa anitz bideratu beharko lirateke. Eraldatu beharko litzateke sistema, zaintza ez daukagulako erdigunean, oro har, eta gainera, anitzetan dirua ateratzeko edota aurrezteko negozio delako. Nola bideratu dezakegu iraultza hori?

A. Olaso: Epe laburreko borrokak eta arnas luzeko prozesuak uztartu behar ditugu. Zaintza erregimena eraldatzea sistema osoa eraldatzea dela diogunean, ez gabiltza debalde hitz egiten. Urgentziak identifikatuta ditugu, batez ere zaintza lanen duintzeari dagokion alorrean (etxeko langileen eskubideak, emakume pentsiodunen aldarrikapenak, erresidentzietako borrokak…), eta horieri heldu behar zaie lehenbailehen. Baina epe ertainean eman beharreko aldaketak ere beharrezkoak dira: azpikontratuekin bukatzea, zaintzarako denbora izatea, herritartasun eredu berri bat lortzea eta honen gaineko eskumena izatea…. eta nola ez, zaintzek merezi duten aitortza soziala izateko eman beharreko aldaketa material eta kulturalak bultzatzea eta hemen, hezkuntzak duen rola garrantzitsua izan daiteke.

Zaintza sistema publiko komunitario feminista bat aldarrikatzen duzue. "Publikoa"... guztiontzako eta doakoa litzatekeen zerbitzu publiko moduan? Eta "komunitario" hitzarekin zer definitzen duzue?

A. Egurrola: Bizitza sostengatzen duten zerbitzuetara denok eduki beharko genuke sarbide bera eta hor kokatzen dugu zaintza-sistema. Zerbitzu horiek negozio bihurtzen direnetik etekinak ateratzeko interes bat sortzen da eta beraz, merkantilizazio prozesu bat. Hori horrela izanik, zerbitzu hori ordaindu dezakenak soilik eskura dezake zerbitzua. Momentu horretan bihurtzen da zaintza sistema esklusiboa. Horregatik exijitzen dugu zaintza sistema publikoa, ehuneko ehunean, denontzako eskuragarria eta bera izango dena.

A. Olaso: Komunitarioaz ari garenean, gehiago ari gara ideologiaz eta gure bizitzeko moduaz. Geroz eta indibidualistagoa izatera garamatzan sistema honetan, ikuspegi komunitarioa galtzen ari gara eta gure arteko zaintza harremanak birpentsatu beharrean gaude. Gure hiri eta herriak ere ez daude bizitza komunitarioa egiteko pentsatuta (espazioa publikoa, arkitektura…) eta horiek aldatzea ere bada gure nahia.

Zaintza-politikek eragina daukate eta hori horrela, zer nolako elkarlana ikusten duzue instituzioekin?

A. Olaso: Argi dugu egiten ari garen aldarri batzuek ezinbestean instituzioetatik egin beharreko aldaketak behar dituztela (legeak aldatzea eta beste). Badakigu ez dela kontu erraza gauza asko sartzen direlako jokoan; alderdien arteko interesak, alderdiek enpresa pribatuekin dituzten interesak, hauteskundeak... beraz, ez da egun batetik besterako aldaketarik etorriko. Gainera, ez dugu lau urtetik behin aldatuko den aldaketarik nahi. Zehaztu gabe dugu instituzioekin izango dugun harremana, baina egiturazko aldaketak eskatzera gatoz eta egiturak mantentzen dituztenak instituzioak badira, zehaztu beharko dugu harreman hori zein izango den.

Zaintza lana emakume migrante papergabeei bideratzen zaie maiz. Nola bermatu prozesuan haien inplikazioa jakinez daukaten errealitateak ez diela bidea errazten (denbora asko lanean eta militantziarako denbora guti; papergabe izateak dakarren arriskua/beldurra espazio publikoa hartzerakoan...).

A. Egurrola: Momentuz, batez ere antolatuta dauden emakume migratuak dira prozesuaren parte. Aipatzen dituzun zailtasun guzti horiek agerikoak dira. Badakigu denok ez dugula berdin parte hartuko, denok ez ditugula erraztasunak aipatzen diren edukiak jasotzeko… Baina borroka hau denon bizitzak duintzeko prozesua da, eta horregatik identifikatzen ditugu urgentziazko aldarri bezala atzerritartasun legea edota zaintza lanen erregimena aldatzearena, adibidez.

Prozesuari begira, zertan da une garrantzitsua izanen martxoaren 8a?

A. Egurrola: Gasteizen egin genuen prentsaurrekotik gaia eta dinamika jende gehiagorengana iritsi da, baina martxoaren 8a izango da lehen indar erakustaldia. Gaiari zabalpen handiagoa emateko eguna izango da, baita dinamika honen lehen borroka eguna ere.

A. Olaso: Tokian toki, zaintzaren gaia ez da berdin landuko, baina Euskal Herriko txoko ezberdinetan denok aterako gara txapel berarekin, prozesuaren bidetik eta hori garrantzitsua izango da aurrera begira ere.