argia.eus
INPRIMATU
Martxoaren 8 honetan ere arituko dira emakumeak irradakan dantzan
  • Kattalin Agerrek irradakan dantzatzeari buruzko artikulu ederra argitaratu du dantzan.eus webgunean. Honela hasten da: "Emakumeak, borobilean, elkarri eskutik heldu, kantuan eta dantzan. Batasun eta dantza irudi eder hori ikusi da martxoaren 8ko zenbait ospakizunetan azken urteotan. 2018an Iruñean ikusi zen lehen aldiz; 2019an Eibarren ere dantzatu zen irradakan; 2020an Beasainen ere dantzatuko dira emakumeak borobilean".

dantzan.eus 2020ko martxoaren 04a
Otsagabia, XX. mende hasiera. Baionako Euskal Museoa.

Borobila forma sinple bezain indartsua da. Taldetasuna, batasuna, elkartasuna pizten da zirkuluan. Zer esanik ez borobil hori elkarri eskuak emanda sendotzen denean. Eskua eskuarekin, azala azalarekin, bakoitzak bere albokoekin ukitze fisiko horrekin, gorputzen kontaktuaren berotasunarekin, keinu sinple horrekin borobil osoa lotu eta norbanakoak konektatuta taldearen batasuna gailentzen da. Elkarri begira, guztion aurpegiak, begiak eta begiradak barruan dira, eta eskuen sareak ixten du zirkulua, babes eremua, espazio propioa, gure gunea.

Gorputzen iraultza dantzan

Borobilean, eskutik elkarri helduta, dantzan eta kantuan. Ezin banaiz dantzatu hau ez da nire iraultza. Dantzan ari naizenero ari naiz gorpuzten iraultza. Gorputzaren bidez, gorputzean eta gorputzetik aritzen gara dantzan; eta gorputzaren kontzientzia eta zientzia sakontzen zaigu dantzan. Dantza eta kantua partekatzeak hunkitzen gaitu eta emozioak elkarrekin askatzean sortzen den batasun aireak ahalduntzen gaitu. 

 

 

 

Henri Matisse margolariaren La Danse (Dantza) lana, 1909.

 

 

 

Martxoaren 8ko irradakak

2018ko martxoaren 8an, eskutik helduta eta dantzan ospatu zuten Iruñean mugimendu feministak deitutako greba eguna. Iruñerriko hainbat dantza taldetako emakumeek eguerdian Sarasate pasealekuan dantzatu zuten ekitaldirako atondutako irradaka, Atzo goizean doinuan oinarriturik.

Urtebete beranduago, 2019ko martxoaren 8an, Eibarren ere irradakan dantzatu ziren Emakumearen eguneko ospakizun eta aldarrikapenean. Arragueta kalian herriko kanta ezagunaren doinua eta O bella ciao iraultzailea baliatu zituzten Untzaga plazan egindako irradaka jendetsuan.

2020ko martxoaren 8rako Beasainen esku-dantza irradakan egiteko deialdia egin dute. "Borobilean eta eskutik helduta dantzatzea oso indar handiko irudi eta sinbolo unibertsala da, egun horretarako egoki egiten duena. Oso erraza eta edonork egiteko modukoa!" diote deialdian.

Artikulua osorik, dantzan.eus webgunean. Bertan azaltzen ditu, hemen laburtu ditugun pasarteez gain, irradaka dantzen adibideak munduan, Euskal Herriko irradaken historia eta azken urteetan borobilean dantzatuz eta kantatuz sortu diren ekimenak.