argia.eus
INPRIMATU
Elkarrizketa | Urko Apaolaza
“Martxoaren 3ko sarraskiak indar handia du erakusketan”
  • ARGIA aldizkariaren artxibo historikoan arakatu eta 'Trantsizioak' erakusketa prestatu du Urko Apaolaza kazetariak, Euskal Herrian azken lau hamarkadatan izan diren gertakari nagusienen irudi eta testuekin. 

Arabako Alea @ArabakoALEA 2016ko urriaren 27a
Urko Apaolaza kazetaria, Argiaren erakusketaren inguruko azalpenak ematen. (Argazkia: Dani Blanco)

Azken 40 urteotako eraldaketa sozial eta politikoen lekuko zuzena izan da Argia aldizkaria. Milaka argazki igaro dira bertatik, baita argitaratu gabeko asko ere, eta Trantsizioak erakusketaren bitartez esanguratsuenetako batzuk bildu dituzte, Urko Apaolazak (Hernani, 1979) azaldu moduan. Oihaneder Euskararen Etxean ikus daiteke.

Zergatik aukeratu duzue 1976. urtea erakusketaren abiapuntu moduan? 

Erakusketa batik bat Argiaren Lasarte-Oriako egoitzan dugun argazki artxibo zaharretik elikatu da. 1976an Argiak orduko magazin modernoen itxura hartu zuen, eta bestalde, frankismoaren zentsura gainditzen hasi zen pixkanaka. Ondorioz, artxiboko argazkiak ugaritu egiten dira urte horretatik aurrera eta aniztasun handia erakusten dute gaiak jorratzerakoan. Astekariaren koloretako lehen azala urte horretakoa da hain zuzen: Lemoizko zentral nuklearra.

'Trantsizioak' non izan dira? 

70eko hamarkadatik egositako trantsizio global bat bizi dugula esan liteke. Baina trantsizio hitza pluralean erabili dugu asko daudelako: energia trantsizioa, politika zaharretik berrirako trantsizioa… Nabarmentzekotan eskubide zibilen arloan izandako borrokak nabarmenduko nituzke, egun erregresio bat bizi dugu errefuxiatuen gaiarekin. Erakusketan badago argazki bat 1993an Euskal Herrira etorritako bosniar errefuxiatuena; diru-laguntzak bukatu zirenean asko babesik gabe geratu ziren lan prekarioak egiten.

Euskal Herriko 40 urteko historian arakatzea ez da lan erraza. Nolakoa izan da aukeraketa lana?  

Aukeraketa kazetariok egin dugu 40 urteotan. Argian, duen izaeragatik, selektibotasunera jo izan dugu beti, informazioaren itsasoan irakurleari zenbait errealitate ulertzeko zertzeladak eskaintzen dizkiogu, paperean zein webgunean. Hala ere, diozun bezala, milaka argazkitan miatzea ez da lan erraza izan, horretarako gai zehatzak lantzen dituzten lankideen laguntza izan dut.

Argazkiek edo testuek dute lehentasuna erakusketan? 

Elementu nagusia argazkiak dira, baina horiek osatzeko zenbait testu esanguratsu ere ekarri ditugu. Askotan protagonisten hitzak dira, elkarrizketa batekoak… Orain burura datorkit atxilotutako lehen kontzientzia eragozleak, Xabier Muelak, Argiari 1977an esan zizkionak: "Ez dut hiltzen ikasi nahi". Oso aproposa gerra garaiotarako.

250 argazki aukeratu dituzue. Horien artean zein nabarmenduko zenuke? 

Beti atentzioa deitu izan dit 1980ko argazki batek. Urte hartan Nafarroako Parlamentuak euskara hizkuntza ofizial izateko adierazpena onartu zuen eta ilusio handia zegoen –pentsa nola gauden orain, ETB ikusteko ere zailtasunekin– . Kanpainari manifestazio handi batek eman zion amaiera Iruñean, eguraldi oso petrala zegoela, eta ageri da haur bat ikurrina bi eskuz eusten duela haizeari eta euriari aurre eginez. Oso ondo sinbolizatzen du euskaldunok egunero egin behar izaten duguna.

Arabako gertakarien artetik, zein nabarmendu da erakusketan? 

Martxoaren 3ko sarraskiak indar handia du. Argazkietako batean Galerias Preciados-eko emakume grebalariak ikus daitezke, 1976an Poliziak hildako langileentzat lore sorta daramatela. Orain ari gara ezagutzen emakumeek Gasteizko asanblearismoan eta grebetan zer paper garrantzitsu jokatu zuten. Hain justu, erakusketaren inauguraziorako prestatu dugun bisita gidatuan Bego Oleaga ariko zaigu, martxoaren 3ko gertakariak eta langile mugimenduak bertatik bertara bizi izan zituena.

Publikatu gabeko batzuk dira erakusketan. Izango dira garaiagatik edo egoeragatik publikatu gabe geratu zirenak? 

Kontrako ariketa egingo nuke. Badaude garaiagatik debekatuta egon eta hala ere publikatzera ausartu ziren argazkiak? Bai. Hortxe ditugu lehen aldiz torturaren aztarnak erakutsi zituzten Anparo Arangoarenak, Fragak berak azalpenak eman behar izan zituen haiengatik. Orduko debekuek eta egungo Mozal Legeak gauza bera bilatzen dute: beldurra sortzea esan nahi duguna ez esateko. Jabetu behar gara gu baino lehen beste askok ere aurre egin diotela horri.

Erakusketarekin batera, jarduera osagarriak ere antolatu dituzue, ezta?  

Erakusketa guretzat tresna bat da herrietako eragileak eta herri mugimenduko kideok harremanetan jartzeko. Gasteizko kasuan, Oihanederrekin eta Alearekin elkarlanean hainbat ekitaldi antolatu ditugu. Nahiko genukeena da harreman horiek eta beste batzuk indartuz proiektu komunikatibo eraldatzaile bat babestuko duen komunitatea ere sendotzen joatea Argiaren bidez.

 

Elkarrizketa hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra