argia.eus
INPRIMATU
Martxoaren 3ko Memorialean 2021ean sinatutako lankidetza hitzarmena bete dadila eskatu dute
  • Erakundeek aurkeztu duten Martxoaren 3ko Memorialaren Fundazioaren estatutu proposamenari lau zuzenketa aurkeztu dizkiote Memoria Gara egitasmoak eta Martxoak 3 Elkarteak.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 18a
Argazkia: @MemoriaGara

Iragan ostiralean jaso zituen Martxoak 3 elkarteak Martxoaren 3ko Memorialaren Fundazioa sortzeko estatutuen proposamena, eta astelehenera arteko epea eman zioten erakundeek aztertu eta onartzeko. Poliziak 1976an su armez hustu zuen Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan da irekitzekoa memoriala. Elkarteak 72 orduko epea kritikatu du, "bi urteko atzerapenaren ostean", eta Gasteizko Udalak onartu du azkenik hura luzatzea.

Astearte goizean halere, proiektua sustatzeko jaio zen Memoria Gara egitasmoak eta Martxoak 3 Elkarteak beren ekarpenak jasotzen dituen idatzia helarazi diete Gasteizko udal taldeei, EAJ-PSE udal gobernuari eta Gogora institutuari. Zuzenketen asmoa litzateke, "formula egonkor bat ezartzea, bermatzeko Martxoak 3 elkarteak azken hamarkadetan bildutako materiala lagatzea, bai eta biktimek espazioa diseinatu eta definitzeko prozesuan parte hartzea eta aholkatzea".

Hauek lirateke lau zuzenketa proposamenak:

- Martxoak 3 Elkarteak eta Gogora institutuak 2021eko azaroan adostutako lankidetza hitzarmena aintzat hartzea, institutuaren ordez fundazioa bera edo fundazioa osatuko duten erakundeak agertuz (Euskoa Jaurlaritza, Arabako Aldundia, Gasteizko udala, Gasteizko Apezpikutza, Martxoak 3 elkartea eta Memoria Gara ekimena).

- Fundazioaren helburuen atalean "Egiaren, Justiziaren, Aitortzaren eta Erreparazioaren eskubideak maila guztietan" aldarrikatzea.

- Fundazioaren Patronatuak Ohorezko Lehendakaritza bat izan dezala, 1976ko Poliziaren sarraskiaren biktima batek hartuko lukeena, hitza hartzeko eskumenarekin baina boto eskubiderik gabe. Gaur egun mahai gainean dagoen proposamenak hamasei pertsonez osatutako patronatua aurreikusten du: Jaurlaritzak, aldundiak, udalak eta apezpikutzak hiruna ordezkari lituzkete, eta Martxoak 3 elkarteak eta Memoria Garak bina.

- Estatutuak Martxoak 3 elkartearen batzarrak onartzea derrigorrezkoa izatea.