argia.eus
INPRIMATU
Martxoaren 3ko Memoria Zentroa: murrizketak, atzerapenak eta “bete gabeko promesak”
  • Memoria Gara elkarteak kezka adierazi du, 1976ko Martxoaren 3ko biktimak gogoratu eta memoria zentro bat sortzeko egitasmoa "izoztuta" duelako Eusko Jaurlaritzaren Gogora institutuak, bere esanetan.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko abenduaren 27a
Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko auzoan Memoria Zentroa eraikitzearen aldeko protesta ekitaldi bat (argazkia: Memoria Gara)

"Etengabeko atzerapenak, bete gabeko promesak eta aurrekontu murrizketak" dira nagusi, Memoria Gara elkarteak salatu duenez, Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan 1976ko martxoaren 3an poliziak egindako sarraskia oroitzeko memoria zentro bat eraikitzeko proiektuan.

Duela bi urte egin zuten publiko akordioa hainbat erakundek: Eusko Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Gasteizko Gotzaindegiak. Baina geroztik proiektua "izoztuta" dagoela azaldu du Memoria Gara elkarteak. Eusko Jaurlaritzak hartu zuen erakunde publikoen gidaritza, eta Memoria Garak lankidetza-hitzarmen baterako proposamena ere bidali zion Gogora Institutuari, baina denen oniritzia jaso arren, ez dute oraingoz halakorik sinatu.

Proiektua anbizio handikoa da, gertakari haiek gasteiztarren trantsizioko memorian ez ezik, Euskal Herri osoko herritarrengan  utzi duen arrastoa handia baita oso. Gogorak 485.000 euro bideratu zituen 2022 urterako, hainbat partidatan banatuta, Arabako Aleak xeheki azaldu duenez, baina "zero euro gastatu dira 2022 osoan zehar", azaldu du hedabideak. 2023ko diru partida, aldiz, 290.000 eurokoa da: "Bi urte alferrik galdu dira, ezin dugu beste bat hutsean pasatzen utzi", diote Memoria Garakoek.

Prentsaurrean agertu dira Memoria Gara elkarteko ordezkariak (argazkia: Memoria Gara)

Memoria Garako hainbat kide agertu dira prentsaurrean egoeraren berri emateko eta "borondate politikorik eza" salatzeko. Horrez gain, exijitu dute prozesu horretan biktimen parte hartzea bermatzeko neurriak hartzea.

Eraikin fantasman, patronaturik ez

Azaldu dutenez, memoria zentroaren fundazioa eta patronatua osatu gabe daude oraindik, erakundeek "zailtasun juridikoak" argudiatu dituztelako, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak baduen hori posible egiteko txosten juridiko bat joan den uztailetik, Memoria Garako kideen esanetan. Zentzu horretan, ohartarazi dute patronatu hori ezin dela sortu Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteen oniritzi gabe: "Ez gara loreontzi hutsak izango proiektu honetan".

Bi elkarteok jarraitzen dute San Frantzisko elizara sartu ezinik. Eraikina momentu honetan utzita, itxita eta jarduerarik gabe dago: "Eraikin fantasma bat da".