argia.eus
INPRIMATU
Tomás Etxabe. Gasteiz, 1976, martxoak 3
“Martxoaren 3ko heriotzetatik bi egunera, eskatzen genuen guztia onartu ziguten”
  • Forjas Alavesas-en doitzaile sartu zen Tomás Etxabe. Langileen iraultza zuen amets, eta xede horrexen bila abiatu zen beste zenbait kiderekin batean. 1976ko urtearen hasieraz gero, grebara jo zuten sei mila langilek Gasteizen, eta mugimendu haren gidarietakoa izan zen Etxabe.

Miel Anjel Elustondo 2021eko martxoaren 03a
Argazkia: Zaldi Ero

Tomás Etxabe Arakistain 1949)an jasio zen Zumaian, Bitarte-zahar baserrian, mekanika ikasketak egin eta herrian bertan lan egin zuen, Gasteiza baino lehen. Forjas Alavesas lantegian hasi zen lanean, eta bertako eta Gasteizko langile mugimenduaren erreferentzia nagusietakoa izan zen. Handik urteetara gaixotu, iraganarekin eten eta jaioterrira itzuli zen andrearekin batera. Baina berrogeitaka urte igaro eta gero ere, haren izenaren oihartzuna bizirik da Gasteizko langileen artean, Imanol Olabarria, Jesús Fernández Naves eta besterekin batera.

 

[Gu galdezka hasi baino lehen esan digu Tomás Etxabek]

Ia ez naiz etxetik irteten.

Hara, bestea!

Elbarri batekin hitz egiten ari zara. Bizitza erdia daramat elbarritasun pentsioa jasotzen.

Zein duzu elbarritasuna?

Tumore bat dut buruaren atzeko aldean, bola moduko bat, hortxe katigatuta. Dirudienez, odol isuri bat izan nuen noizbait, eta horrek buruko nerbioren bati eragin zion, eta, ondorioz, ikusmena, mintzamena, oreka… erasanak ditut, edo erasanak izan nituen garai batean. Gauza batzuk errekuperatu ditut, ez denak. Zuri begiratu, eta bi ikusten zaituztet… Beharbada, tumorea nuela jaio nintzen, baina 34 urte nituenean jabetu nintzen tumoreaz.

1949an jaioa zu, 1984an jabetu zinen gaitzaz…

Hortxe-hortxe. Irudi bat bera bi tokitan ikusten hasi nintzen. “Hara, hemen zerbait oker zabilek!”, esan nion neure buruari. Oftalmologoarekin izan nintzen, eta hark joateko neurologoarenera. “Arraioa!”. Hiru aste eduki ninduten Txagorritxun, Gasteizen, ospitalean ingresatuta. Ez zidaten zehatz-mehatz esan, baina antzeman zioten nolabait: “Malformazioa”, esan zidaten. Bateko eta besteko medikuak ibili nituen, eta Kataluniara joan nintzen erresonantzia egitera, garai hartan hemen ez baitzen horrelakorik. Han, aurretik esanak zizkidatenak berretsi zizkidaten. Eta, harrezkero, neure burua zaintzeko borrokan nabil. Eta, memoria ariketa eginez, gogoratzen naiz Gasteizko greba haien garaian ere zer edo zer sentitzen nuela ezkerreko hankan. Baina, orduan, arraioa!, estutu ukabilak eta aurrera! Ez zen besterik!

Eta, handik goitik?

Handik pare bat urtera, elbarritasuna eman zidaten, eta pentsioa kobratzen ari naiz ordudanik. Gorputzaren ezkerraldea erasana dut, bai hanka, bai eskua, eta kalean makulua hartuta ibili behar izaten dut. Orain atzera begira jarri eta badakit gaixotasunak bizimodua baldintzatu didala. Medikuntza ofizialaz ez naiz gehiegi fidatzen, “medikuntza alternatiboa”-ren bidetik jo dut, medikuntza energetikoa eta beste. Zenbait ikastaro egin ditut, neure burua, eta nire gaitzaren jatorria ezagutzeko. Medikuntza energetikoan ari nintzela, gaitza diagnostikatu eta hamar urtera edo, lehenarekin moztu behar nuela esan zidaten. Erabat, moztu.

Argazkia: Zaldi Ero

Zer da “lehenarekin moztea”?

Lehengo harreman guztiekin etetea. Berrogeialdi bat ere egin nuen Leireko monasterioan, erabat itxita, ez telebista, ez irrati, ez telefono. Hantxe. Egon. Eta lehengo harreman guztiak etetea erabaki nuen: nire jendea, nire sindikatua, nire dena delako guztia. Eten.

Zure bizialdiak bi atal ditu, honenbestez!

Kar, kar… Halakoren bat!

Gaztetan fededuna izango zinen, noski.

Herri Gaztedin ibilitakoa!

Esan nahi dut, zuk ere hil eta piztu egin zenuela.

35 urterekin utzi nuen lantegia, elbarritasunagatik. Forjasen [Alavesas] ari nintzen.

1976ko greba haiek eta gero ere Forjas Alavesas fabrikan segitu zenuen lanean?!

Bai. Martxoaren 3ko greba eta gero, sei hilabete egin nituen ihesean. Baina, ondoren, bertara itzuli nintzen.

Langile buruetakoa zinen…

Esateko modu bat da, “buruetakoa”.

"Gizona azkar beldurtzen zen etxean. Berak eramaten zuen dirua, eta eramaten ez bazuen, zer? Emakumeak bestela esan zuen: “Eutsiko diogu, patatak janez bada ere! Eutsi”. Eta horrelaxe izan zen”

Esan nahi dut, beste zenbait buru edo lider, Imanol Olabarria edota hil berri den Jesús Fernández Naves, poliziak harrapatu eta Carabanchelen eduki zituztela...

Martxoaren 3koaz gero ere, haiek beren buruak erakustea erabaki zuten. Nik, berriz, ezkutatzea. Aldi bateko bazen ere… Oraintxe ari naiz gogoratzen… Zeuk dauzkazu kulpak! Kakotx artean esanda, beti ere. Greba eta berehala, ezkutatuta nengoela, auto baten maletategian sartu eta Forjasen izan nintzen, asanblean parte hartzen. Fabrikako sarrerako zaindaria jendea kontrolatzen ari zen, gidaria ezagutu eta sartzen utzi zuen auto eta guzti, ohi bezala. Eta ni maletategian! Autoa aparkatu zuenean, handik atera nintzen eta asanblean hitz egin nuen, gertatuak gertatu, aurrera egin behar zela esanez, animoak ematen eta. Gero, atzera autoaren maletategian sartu eta kanpora.

Barrua behar du!

Barrua ez, konbikzioa! Gogoan dut poliziak tiroka eraso zion arratsalde hartan, zauritu bat autoan sartu eta Santiago ospitalera eraman nuela. Forjaseko langilea zen. Bala zeukan barruan! Boveda zuen deitura, errioxarra. Ondo atera zen… Ikaratzekoa zen egoera, bai, eta beharbada horrexegatik esan nien lantegiko kideei barrura sartuko nintzela, ezkutuan bazen ere, eta hitz egingo nuela. Eta esan eta egin: batzarrean azaldu nintzen eta langileen aurrean hitz egin nuen. Ez dakit zer esan nuen, aurrera jarraitu behar zela besterik.

Imanol Olabarriak ARGIA honetan bertan [2018, otsailak 18] esan zigun Fernández Naves eta biak Carabancheletik irten zirenean guztiz bestelakoa zela egoera Gasteizen, eta Gasteizko lantegietan.

Langileak hil eta gero, hiletak egin ziren eta milaka pertsona bildu ziren katedral berrian. Eta zeremonia eta gero, manifestazioan eraman zituzten gorpuak, Gasteizko irteeraraino. Hantxe zeuden zain guardia zibilak, kaminoaren bi aldeetara jarrita. Harainoxe heldu ginen... Imanolek-eta horixe ezagutu zuten, irudi hori zuten. Kartzelatik irten zirenean, horrelakorik batere ez zegoen, eta, bestalde, alderdiak eta sindikatuak legeztatzen ari ziren. Langileak erakunde horietan sartzen hasita zeuden, lehen ez bezala, lehen ez baitzen alderdi ez sindikaturik. Fabriketan, berriz, batzarrek indarra galdu zuten. Aldaketa handia izan zen, baina zeharo aldatu, ez dakit, bada.

Batzarrak desegin eta erakundeak nagusitu ziren.

Fabrikatik fabrikara modu diferentean gertatu zen hori. Adibidez, Forjasen, urte askoan iraun zuen batzarrak. Sindikatuak sindikatu, Forjasen, behintzat, batzarra sakratua zen. Eta Forjaseko ordezkariok, sindikatu bateko kide izan edo ez, batzarra errespetatzen genuen. Bazen hori nahi ez zuen jendea, ELAko zenbait, adibidez, baina inork ez zuen batzarraren kontra egiten. Inor ez zen ausartzen. Ez da nire merezimendua, eta gero eta gutxiago gustatzen zait neure buruaz hitz egitea, baina nik elbarritasuna jaso nuen artean, batzarrak indar handia izan zuen Forjasen, nahiz eta ahultzen ere hasita zegoen, bestelako erreferentziak ere hor zirelako, sindikatuak eta beste, alegia. Imanolek [Olabarria] Cablenorren lan egin zuen, [Jesús Fernandez] Navesek Mevosan, nik Forjasen… Nork berea bizi izan zuen, baina, esan dizut, Forjasen inon baino gehiago iraun zuen batzarrak.

Imanol Olabarria eta Naves apaiz izanak ziren… Zu, seminarioan izan zinen?

Ez, baina ia-ia! Kar, kar… Baserrian lan-eskua behar zelako, bestela, hortxe-hortxe ibiliko nintzen! Kar, kar… Herri Gaztedin ibili nintzen, hala ere. Hantxe ideologizatu ginen. Sakona genuen buru. Andres Osa, eta harekin batera, Xipri Muñagorri. Eta Izaskun izeneko bat ere bai. Hemen, Zumaian, koadrila ginen Herri Gaztedin, hamar bat lagun. Juanito Dorronsoro ere kide genuen. Gero, marxista ere egin ginen. Mekanikari ikasketak egin nituen, Zumaian bateko eta besteko tailerretan jardun nuen lanean, eta 24 urte nituela Gasteiza joan nintzen. Hantxe bizi nuen ordurako arreba [Pilar] eta, lehenengo, haren etxean bizi izan nintzen. Forjasen hasi nintzen lanean.

Arreba han zenuelako joan zinen Gasteiza.

Ez, langilea zegoen tokira joan behar zelako! Herri Gaztedin marxista egin nintzen, OIC-n [Organizacion de Izquierda Comunista] ibili nintzen, EMK-n [Euskadiko Mugimendu Komunista]… Ez dakit non nenbilen ere, baina banekien langile asko zegoen lekura joan behar nuela, iraultza egitera.

Hara, misiolari!

Misiolari! Bai jauna! Kar, kar… Bestelako misiolari modu bat! Joan nintzen, bada, Forjasera, eta, baserritar itxura ere bai nik, eta lanera! Sei hilabeteko kontratua egin zidaten, eta, gero, berritu. Hantxe geratzea nuen buruan sartuta. 24 urte nituela sartu nintzen Forjasen, eta 26 nituela izan zen greba. Garai hartan, lubakietan genbiltzan. Artean, 1974an Franco bizi zen, eta Gasteizko lantegietako ausartenak edo kontzientzia handiena zutenak, edo ez dakit nik nola esan, mendian biltzen ginen, Olarizu aldean. Hantxe zegoen beste fabrika handi bat ere, Esmaltaciones San Ignacio. Gasteizko greba haiek, lubakietako lanari esker gauzatu ziren. Gero ere lan egin behar izan zen, jakina.

1976ko urtarrilaren 9an sartu zineten greban Forjas lantegian.

Eta grebari eutsi genion. Gero etorri ziren Mevosa, Aranzabal, Cablenor, Areitio… Eta greban atera ziren lantegietako ordezkariak, edo haietako batzuk, lanean ari ziren lubakietan. Gehienak, gizonezkoak. Beharbada, Areitio lantegikoren bat, emakumezkoa. Ez naiz gogoratzen.

Polizia ez al zen jakinaren gainean?

ETAren atzetik zebilen polizia, ez gure atzetik! Franco hil aurretik, mendiko bilerak egin eta panfletoak bota besterik ez genuen egiten. Langilea kontzientziarazteko asmotan ari ginen. Panfletoak idazten zituztenen artean nintzen. Beti gustatu izan zait irakurtzea. Bazen multikopista bat, artisanala, eta hantxe botatzen genituen panfletoak. Arrebaren etxea utzi eta pisu ttiki bat hartu genuen errentan Errementari kalean, eta gero hantxe eduki genuen multikopista.

"Egin behar genuena egin genuen, poliziak gaindituta ikusi zuen bere burua, eta egoera hartan tiroka ekin zion. Itxura denez, zerbait edanda ere bazeuden, bero-bero, eta tiro eta tiro! “¡Disparad a matar! zuten kontsigna”

Hurrena, Franco hil zen…

Eta orduantxe “haiek” [agintari eta poliziak] noraezean. Denok ere nahiko noraezean, beharbada, bai haiek eta bai gu. Hala ere, huraxe zela egokiera pentsatu genuen, haiek noraezean zebiltzan eta.

Garai hari begira jarri eta, lider ikusten duzu zeure burua?

Garai hartan, bai. Oraingo egunetik begira jarri eta iruditzen zait horrek ez duela ezertarako balio. Jendeak erreferentziak nahi izaten ditu, eta garai hartan Forjasen neu nintzen erreferentzia nagusia, baina ez bakarra. Langileen ordezkarien artean balio handiko jendea zegoen. Batzuk, eskola handirik ez zutenak, baina balio handikoak. Batzarretan, dena den, gehienbat neuk hitz egiten nuen. Mila langile baino gehiago ginen garai hartan. Batzar handiak izaten ziren. Gogoratzen naiz, lehenengo batzarra fabrikaren eremuaren barruan egin genuen, baina laneko tokitik kanpora. Burdinazko totxoak egiten ziren departamentu hartan, eta, ni, totxoetara igo eta, zutik, langileei hitz egiten hasi nintzen.

Zer esan zenuen?

Ez dakit, bada! Baina gogoratzen naiz gogorra izan zela. Lehenengo batzarra beti da gogorra. Ez dakizu nola aterako den, kasurik egingo ote dizuten, lanetik botako ote zaituzten, nola erantzungo ote duen jendeak… Ondo atera zen batzarra, greban sartu ginen, eta batzuk kaleratu egin gintuzten. Hala ere, nagusiak laster konturatu ziren horrek langileak batu eta indartu egiten zituela, beste modu batera saiatu beharra zutela.

Argazkia: Zaldi Ero

Urtarrilaren 9an greban sartu, eta martxoaren 3 arte, greban…

Bai, bada! Garai hartako langile gehienak immigranteak ziren, hala-moduz bizi ziren, familia bat baino gehiago ere bai etxe batean. Oso gutxi irabazten zen. Grebaren bidez, kasik bikoiztu egin ziren jornalak!… Guk, geure jardunaren eta panfletoen bitartez, ikusarazi genion jendeari aukera genuela: gehiago irabazteko, baldintza hobeetan lan egiteko, langileen ordezkariak aitortuak izateko, eskubide sindikalak lortzeko… Hurrena, gu bota gintuztenean, beste errebindikazio bat izan zuten: kaleratuak berriro lanean hartzea. “Hauek gabe nora goaz gu?”, esanez bezala. Eta eskatutakoak lortu ziren, baina bost heriotzarekin batera etorri ziren lortutako eskakizunak.

Nola eutsi zenioten bi hilabeteko grebari?

Bi hilabete, Forjasen. Mevosak hilabete gehiago egin zituen, eta Aranzabalek, Cablenorrek, Areitiok… Areition emakumeak ziren denak. Eta nola eutsi? Miraria izan zen! Erresistentzia kutxak osatu ziren, eta, bestalde, lan-batzordeak eratu ziren batzuen eta besteen beharrak asetzeko. Gainera, zenbait langile, Arabako hainbat herritara joan ziren patatak jasotzera. Gero, patata haiek langileen auzoko elizetan banatzen ziren. Lan horri esker eutsi genion grebari.

Patatak janez!

Adibidez! Kar, kar… Baina, horrez gainera, bada datu bat, inportantea. Eta ez zaio behar besteko inportantziarik eman: emakumea. Gizona azkar beldurtzen zen etxean. Berak eramaten zuen dirua, eta eramaten ez bazuen, zer? Emakumeak bestela esan zuen: “Eutsiko diogu, patatak janez bada ere! Eutsi”. Eta horrelaxe izan zen. Emakumeak erresistentzia lan inportantea egin zuen. Esate baterako: emakume asko manifestazioan irteten ziren, eskuan poltsa hutsa zutela. Lehenengo aldiz Euskal Herrian hainbeste emakume bildu eta ateratzen zela kalera! Horixe da datua! Eta Euskal Herriak, eta Espainiak, jakin zuten hainbeste emakume kalean zebiltzala, poltsak hutsik. Hortxe emakumearen protagonismoa, etxean eta kalean. Inportantzia handia izan zuen. Eta badakit, esaterako, grebak eta gero Zaramagan osatu zen auzo elkarteak indar handia izan zuela, greban mugitu ziren emakumeek bertan parte hartu zutelako. Nire ustetan, Martxoaren 3az hitz egitean emakumeari ez zaio eman merezi duen garrantzia.

"Eta sei hilabete ezkutuan eman eta gero, amnistia legea edo eman zuten. Eta ez nuen lanera itzultzeko eragozpenik izan. Are gehiago, ezkutuan igaro nituen sei hilabeteak ere ordaindu zizkidaten. Horrek esan nahi du artean batzarrak indar handia zuela"

Urtarrilaren 9tik martxora bitartean bi greba orokor deitu zenituzten.

Ez bata ez bestea atera ziren. Eta Forjas, Mevosa, Cablenor, Areitio... sei mila langile ziren greban! Greba orokorra deitu, eta ez zen atera!

Martxoaren 3an atera zen, horratik!

Baina ez dakit zergatik! Hirugarrenean, baietz delako, nonbait.

Garai hartan ikasle zen lekuko batekin hitz egin dut eta dio egun hartan greba giroa zela Gasteizen. Eta goiz-eguerdian tiroka eraso ziola poliziak Gasteiz Hiribidean.

Bai, greba zen nagusi, besteak beste kale denak itxi genituelako barrikadaz, aurreko bi deialdietan ez bezala. Giroa alde geneukan, baina ez ginen fidatzen. Eta goizean, egia da, tiroak izan ziren. Ikasleek lan ona egin zuten. Batzuek, seguru, greban izango zituzten gurasoak. Baina arazoa ez zen ikaslea, lan egiten zuen langilea baizik. Ezingo zuten greba egin, edo beldurra izango zuten… Ez dakit. Nor bere munduan bizi da, nik ezin nezake esan, baina egun hartan greba erabatekoa izan zen Gasteizen. Pikete behar handirik ere ez zen izan. Greba garaian Michelin ere ateratzen saiatu ginen, baina ez zen atera. Atera izan balitz, orduantxe bai! Langile asko ziren. Gu ere bai, sei mila lagun, eutsi eta eutsi eta eutsi, bi hilabetez.

1976ko martxoak 3.

Goizean, kaleko lana egin genuen, dena geldiarazteko: denda, taberna, kale… Dena itxi! Garai hartan ez genuen beldurrik ere! Ekin! Arratsalde hartan, lantegietako ordezkariok Aranako elizan bildu ginen, Zaramagako batzarra prestatzeko. Horixe genuen ohitura. Handik irten eta Zaramagako elizara joan ginenean, poliziak hartuta zegoen. “Ostia! Gauza onik ez diagu gaur hemen!”, esan nuen. Polizia aztoratuta zegoen, edanda ere bai. Ez ziren asko, baina guztiz armatuta zeuden. Han geundela, gurekin zegoen apaiz bati esan genion poliziburuarekin hitz egiteko, esateko baietz, aterako zirela langileak elizatik. Ez genuen konfrotaziorik nahi. Poliziaburuak antzarak ferratzera bidali zuen gure apaiz hura, Felix Placer. “¡Fuera de aquí!” esan zioten. Orduantxe esan nion neure buruari: “Tomás, hemen gauza gorria zegok!”.

Pedro Martínez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, José Castillo García, Bienvenido Pereda Moral hilak, ehunka zauritu. Sarraskia.

Bai, bada. Polizia, jendea elizatik atera nahian. Gas poteak ere bota zituzten barrura, eta barruan zeuden batzuek leihoetako kristalak txikitu zituzten. Baita handik atera ere. Haiek salbatu ziren. Baina ate nagusitik irten zirenak, batzuk hilda, beste batzuk balaz zaurituta… Bost heriotza eta ehunka bala-zauritu. Ezina zen han! Hala ere, horrelako momentuetan ez da pentsatzen, zer edo zer egiten da. Hartu José Luis, balaz zauritu zutenetako bat, Forjasekoa, autoan sartu eta Santiago ospitalera! Odola eta beste! Eta ospitaletik irten ginenean, Gasteiz isil-isilik, inor ez kalean… Armada kalera aterako zutela uste genuen. Hor dira beti Burgoseko militar haren hitzak, gobernuari esanez prest zituela soldaduak Gasteiz hartu behar bazen ere. Eta ez zen, bakarrik, Gasteiz.

Zer esan nahi duzu?

Frankismo osteko garaia zen, Espainian ere galantak gertatu ziren, eta gobernua noraezean zebilen. Artean, han zeuzkaten alkandora urdinak, eranzten hasita, baina gogoa urdin, hala ere. Trantsizio edo dena delako hori. Basaurin beste langile bat hil zuten, Tarragonan beste bat. Eta hilaren 9an, edo hor nonbait, greba orokorra izan zen Euskal Herrian. Testuinguru jakin bat izan zen. Ez da komeni, beraz, Gasteizen bakarrik fokalizatzea. Gauza asko dira hor… Isilpeko mugimenduak ere izan ziren, langileoi negoziatzera joateko deia egin ziguten nagusi batzuek. Eta, esate baterako, akordatzen naiz bazela langile bat Forjasen, eta ez atzera gelditzen zena, esan zuena beharbada lanera itzuli eta negoziatu egin behar genuela. Ia lepora salto egin genion! Forjas borrokaren erreferentzia izan zen hasieran, eta gu lanera itzultzeak greban ziren gainerako bost mila langileak babesgabe uztea esan nahi zuen! Konplikatua zen egoera! Eta, bitartean, segi eta segi!

Gasteizko katedral berrian egin zen hiletaz oroitzapenik baduzu?

Ez nintzen han izan, ordurako ezkutatuta nengoelako. Lehenengo urteurrenean bai, hantxe izan nintzen, eta zuzenean hitz egin nuen. Testu bat irakurri nuen eta, amaieran, orduko kontsigna haietako bat bota nuen: “Indar errepresiboak desegin”. Eta Elorriagan [Gasteizko kontzejua] bazkaltzen ari ginela, polizia sekretuak ikusi nituen kanpoan. Jatekoa ere eztarrian katigatu zitzaidan: “Ostia, hemen dituk!”. Eta sartu bi sekreta, eta joateko haiekin. 500.000 pezetako isuna jarri zidaten, eta Langraizko kartzelara. Baina kalean nintzen handik astebetera, jendeak diru hura bildu eta fiantza ordaindu zuelako. Dirua itzuli egin behar izan ziguten, eta guk, atzera jendeari eman genion, kalean behar zenerako.

Zaramagako hilketak eta gero, zer etorri zen?

Ezkutatu egin nintzen, baina ez nion utzi lantegiko ordezkariekin biltzeari. Laudio aldean-eta biltzen ginen eta hitz egiten genuen lantokiko gorabeherez. Jarraipena egin nuen. Eta sei hilabete ezkutuan eman eta gero, amnistia legea edo eman zuten. Eta ez nuen lanera itzultzeko eragozpenik izan. Are gehiago, ezkutuan igaro nituen sei hilabeteak ere ordaindu zizkidaten. Horrek esan nahi du artean batzarrak indar handia zuela, nahiz eta ni han ez egon. Gauzak nola diren! Gaur egun pentsaezina da hori! Hainbeste greba, hainbeste eskari, hainbeste hildako eta zauritu… eta heriotza haietatik bi egunera langileak lanera itzuli, eta eskatzen genuen guztia onartu zuten nagusiek. Guillermo Aranzabal-eta negoziatzeko moduko jendea zen, baina Forjas, Mevosa eta horietakoak, gogorrak ziren!

Zer sentsazio duzu orduko hartaz?

Hura ez zen posible izango hainbeste jendek parte hartu izan ez balu: piketeetan, dirua biltzen, Arabako herrietara patata biltzera joaten… Izenek ez dute inportantziarik, baizik eta zerk egin zuen posible gu hor izatea. Akordatzen naiz Forjasen, Teodoro, Angel… eskola handirik ez zuten langileak, baina beti hantxe zeudenak, lehenengo lerroan. Etorkinak ziren, edo etorkinen seme-alaba. Haiek nik baino balio handiagoa dute. Ni, azken finean, ideologizatuta nengoen, marxista egina… nahi dena. Haiek ez ziren marxista, baina hantxe zeuden! Ideologizatuak gu? Txakurraren bibolina! Mundua salbatu nahi genuela? Txakurraren bibolina! Egin behar genuena egin genuen, poliziak gaindituta ikusi zuen bere burua, eta egoera hartan tiroka ekin zion. Itxura denez, zerbait edanda ere bazeuden, bero-bero, eta tiro eta tiro! “¡Disparad a matar!” [Akabatzera jo tiro!] zuten kontsigna.

Garai hartako estres eta tentsioek eraginik izan ote dute zure gaixotasunean?

Konbentzituta nago baietz. Konbentzituta nago tumorea jaiotzatik dakardala. Baina saltsa hartan sartu izan ez banintz, beharbada ez zen azalduko. Tumorea hor egon zen beti, baina garai hartako tentsioak tumorearen odol isuria eragin zuen. Horrelakoetan, bi aukera dituzu: edo batere kasurik egin ez, edo zeure buruari galdezka hasi. Kasurik egin ez banio, honezkero zuloan sartuta nengoen eta zu eta biok ez ginen hemen izango.

                                                                                    *     *     *     *

OLARIZUKO IRAULTZA

“Mendian bilduta geunden, sasian, hogeita hamarren bat lagun, bateko eta besteko lantegietakoak, gure iraultza prestatzen! Han geundela, azaldu zen gizon bat, eta abantadan denok, sasien gainetik! Zer izango eta, artzaina! Tentsio betean bizi ginen. Artzaina zela jabetu ginenean, arnasa hartu, atzera bildu, eta segi iraultzan!”.

 

MARTXOAK 3

“Medikuntza energetikoan ari nintzela, sendagileak esan zidan iraganarekin mozteko. Eta kasu egin nion. Baina, egun batean, emazteak eta biok hartu lore sorta bat eta hantxe utzi genuen, Zaramagan, hildakoen omenezko harrian. Moztu egin nuen Gasteizekin, nahiz eta gertakizun hura beti presente dagoen. [Pedro] Martinez Ocio Forjaseko langilea zen! Eta [Frantzisko] Aznar, Forjaseko langile baten semea! Ospitalera eraman nuen langile hura eta! Eta Felix Placer poliziburuarekin hizketan! Tentsioa hortxe dago, sendagileak esan zidanarekin batera!”.

 

EZ HAIN PURUAK

“Navesi ez zitzaion gustatu nire jarrera: ezkutatzea, alegia. Enfrentamendua izan genuen horren kontura. Bestalde, sindikatua sortu genuen, ESK, eta haiek antikapitalista puruak ziren, batzarra eta batzarra, besterik ez zuten buruan. Gu, berriz, ez ginen, nonbait, hain antikapitalista puruak. Martxoaren 3a eta gero, batzuek beste modu batera jokatzea erabaki genuen, eta beste batzuek, aldiz, lehen bezala segitu behar zutela erabaki zuten”.

 

AZKEN HITZA

MUNDU HOBEA

“Ardura guztia inoiz ez dago alde bakar batean. Ardura gehiena egon liteke alde batean, baina bi aldeek dute ardura. Zeinek bere ardura du. Garai hartan huraxe egin nuen, huraxe izango zen nire ardura, nire egitekoa, eta orain beste esparru batean nago, mundu hobeago baten atzetik beti”.

 

Argiaren oharra: elkarrizketa hau paperezko 2.723. zenbakian argitaratutakoaren bertsio luzea da.