argia.eus
INPRIMATU
Martxoaren 3ko gertakariak ikertzeko batzorde baten eraketa atzera bota dute PSOE, PP, Vox eta Ciudadanosek
  • ERC eta EH Bilduk egindako proposamena atzera bota du Bozeramaileen Batzordeak. PSOE, PP, Vox eta Ciudadanos ikerketa batzorde bat sortzearen aurka agertu dira. Martxoak 3 elkarteak hipokrita izatea leporatu dio PSOEri, sarraskiaren 76. urteurreneko ekitaldietan hildakoen monolitora lore-sorta eraman eta egun gutxitara gertakariak argitzea oztopatzearren.

Amaia Lekunberri Ansola 2022ko martxoaren 23a
Argazkia: Hala Bedi

Iragan astean, Martxoaren 3ko gertakariak ikertuko zituen batzorde bat sortzeko eskakizuna Espainiako Kongresura eraman zuten EH Bildu eta ERCk. Kongresuko Mahaiak eskaera onartu zuen, eta Bozeramaileen Batzordeari zegokion hurrengo pausoa: erabakia eztabaidatzea eta bozkatzea. Hala egin du, eta gailendu den postura proposamena atzera botatzearen aldekoa izan da. PSOE, PP, Vox eta Ciudadanos ikerketa batzordea eratzearen aurka agertu dira, eta gailendu egin zaizkio ikerketa batzordea eratzearen aldeko posturari –EH Bildu, ERC, EAJ, Unidas Podemos, JxC eta Mas Pais alderdiek sostengatua–. Hala bada, eskakizunak ez du osoko bilkurara bidea egingo.

"Espainiako inpunitate ereduaren aurka fronte guztietan eta eraginkortasunez lan egiten jarraitzeko", Martxoak 3 Elkarteak eragile politiko eta sozialak interpelatu zituen sarraskiaren 76. urteurrenaren ondotik. Horregatik eraman zuten eskakizuna kongresura EH Bilduk eta ERCk. Eskaria atzera bota izana sarraski hura ikertzeko dagoen borondate faltaren adierazletzat jo dute hainbatek. EH Bilduko diputatu Mertxe Aizpuruak Espainiako Gobernuari eta Justiziari leporatu die biktimei beste behin ere bizkarra ematea, horien egiarako eskubidea urratuz, "dokumentu guztiak sekretupean gordeta". Hala dio Berriak jaso dituen adierazpenetako batean: "Argi geratu da, beste behin ere, ez dutela inolako interesik egia osoa jakiteko eta argitara ateratzeko, baizik eta ezkutatzen jarraitu nahi dutela".

PSOEk proposamenaren aurka bozkatzeko bere arrazoiak plazaratu ditu. Alderdiko eledun Hector Gómezek adierazitakoaren arabera, batzorde bat ez da tresna egokia Martxoan 3an jazotakoak ikertzeko, eta "beste mekanismo batzuk" bilatu behar dira horretarako. Antza, alderdikideen artean "beste alternatiba posible batzuen" inguruan hitz egiteko asmoa dute.

M3 Elkartea: "Lore gutxiago eta ekintza gehiago"

Martxoak 3 Elkarteak balizko beste alternatiba horiek zeintzuk liratekeen publikoki azaltzeko eskatu dio alderdi sozialistari, batzordea sortzeko eskaria atzera bota izanarekin haserre. "Zein mekanismoz ari dira? Elkarte honek bide guztietatik egin ditu saiakerak; maila politikoan, judizialean eta instituzionalean, bai barruan, bai nazioartean. Eta PSOEren jarrera anbiguoa eta kontrakoa izan da beti egiaren ezagutzeari, justizia egiteari eta sarraskiaren biktimen erreparazioari dagokionez. PSOEk ez du inoiz borondate politiko argirik izan gaiari heltzeko, estatuak egindako urraketa aitortzeko eta erantzukizunak argitzeko", irakur daiteke publiko egin duten erabakiari buruzko irakurketan.

PSOEren  "inkoherentzia eta hipokrisia" salatu ditu elkarteak, aurtengo martxoaren 3ko ekitaldietan hildakoen monolitora loreak eraman ostean egia, justizia eta erreparazio eskubidea oztopatzeagatik. "Lore gutxiago eta ekintza gehiago" eskatu diote alderdiari.