EH Bildu eta ERC alderdiek Espainiako Kongresura eraman dute 1976ko martxoaren 3ko gertakariak ikerketuko dituen ikerketa batzordea sortzeko eskakizuna, eta onartu egin da. Bozeramaileen Batzordeari dagokio orain erabakia eztabaidatzea eta bozkatzea.
46 urte bete dira 1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak Gasteizen greban bildutako langileen aurka egin zuenetik, bost pertsona hilaz eta ehundik gora zaurituz. Sarraskiaren 46. urteurrenaren harira deitutako manifestazioan herritarrek erakutsitako babesagatik eskerrak agertu zituen pasa den astean Martxoak 3 Elkarteak, baina esker hitzak plazaratzeko ez ezik, eragile politiko eta sozialak interpelatzeko ere baliatu zuen unea, eskatuz "Espainiako inpunitate ereduaren aurka fronte guztietan eta eraginkortasunez lan egiten jarraitzeko". Zehazki, elkarteak neurriak eskatu zituen Arabako erakundeetan eta Madrilgo Kongresuan, sarraskia argitzeko eta dokumentuak desklasifikatzeko.
Eskari horren ondorioz, EH Bildu eta ERCk Espainiako Kongresura eraman dute 76ko martxoaren 3ko gertakariak ikertuko dituen batzorde bat sortzeko eskakizuna, eta Espainiako Kongresuko Mahaiak onartu egin du. Orain erabakia eztabaidatu eta bozkatu beharko du Bozeramaileen Batzordeak.
EH Bildu eta ERCk, eskakizuna kongresura eramatean, sarraskiaren inguruko xehetasunak ezagutaraztea eta "ekintzen arduradunek izandako inplikazioa eta erantzukizuna" zein izan zen ikertzea eta jakinaraztea eskatu zuten, besteak beste. Zentzu horretan, garai hartako ministroen erantzukizuna argitu eta balizko inplikazioa zigortzea ere eskatu dute. Espainiako Gobernuak gertakizunen gainean duen "ezagutza, inplikazioa eta erantzukizun maila" jakiteko nahi agertu dute aipatu alderdiek.
Aurretiaz, kongresuak betoa jarri izan die antzerako beste eskakizun batzuei, baina honako honetan bestelakoa izan da erantzuna.