argia.eus
INPRIMATU
Martxoaren 3ko filmaren grabaketa urrian hasiko da
  • 'Vitoria, 3 de marzo' filma egiteko 1,5 milioi euroko aurrekontua dute; 18 aktorek parte hartuko dute.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2017ko irailaren 14a

Korala izango da Martxoak 3ko gertakizunak kontatuko dituen filma. Victor Cabaco zuzendariak nabarmendu duenez, gasteiztarren oroimen kolektiboa jaso nahi dute: "Jende orok du egun horietako oroitzapenen bat, emozioak, sentimenduak, gertaera horiekin lotuta, eta hori guztia kontatu nahi dugu". Hala ere, ez dute dokumental bat egingo: "Fikzio bat da, drama historikoa, baina saiatuko gara ahalik eta zehatzena izaten, benetako historiari erreparatzen".  

Narrazioaren erdian Begoña izeneko gaztea kokatu dute gidoilariek. Begoñak bertatik bertara biziko du "sekula ezer gertatzen ez den hiri bat" astinduko duen gertaera. Gero eta gehiago tenkatzen doan gatazkaren erdian, zeinen alde jarri aukeratu beharrean izango dira protagonistak. Azkenean, sarraskiaren ondoren, ezer ez da berdina izango Begoñaren bizitzan.

Aste honetan aurkeztu dute Vitoria, 3 de marzo proiektua. Gasteizen errodatuko da osorik filma; urriaren 9an hasiko dira eta bost edo sei astez luzatuko da filmazioa. Aurreko asteetan eginiko castingari esker, milatik gora estra bildu dituzte, eta 18 aktorek parte hartuko dute. 

Aurrekontu mugatua

Filmaren produktoreak Oskar Bañuelos kazetaria eta Sonora Estudios eta Gariza Films enpresetako Pako Ruiz eta Asier Bilbao dira. Gidoia Juan Ibarrondok eta Hector Amadok landu dute, eta Gaizka Bourgeaud da argazki zuzendaria. 

Filma egiteko aurrekontu mugatua dute, 1,5 milioi euro hain zuzen ere; Jaurlaritzaren Kultura sailak, Espainiako Kultura Ministerioak, Arabako Aldundiak, Gasteizko Udalak eta ETBk babestu dute egitasmoa.

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra