argia.eus
INPRIMATU
Martxoaren 31ra arte dute argitaletxe eta autoekoizleek Ziburuko Azokarako izena emateko
  • Ekainaren 4an eginen dute Ziburun Euskal Liburu eta Disko Azokaren hirugarren edizioa, Baltsan eta ARGIAk elkarlanean. Argitaletxeek eta autoekoizleek hilabete bukaera arteko epea dute mahaia ukaiteko eskaera bideratzeko.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 17a

Ekainaren 4an iraganen da Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka, hirugarren aldiz. Euskararik eta euskaraz bideratuko dute aurten ere hitzordua, eta badabiltza antolaketan aitzina Baltsan elkarte ziburutarra eta ARGIA. Argitaletxeei eta autoekoizleei deia luzaturik dute: martxoaren 31ra arte dute izena emateko epea. Lehen edizioan hamazazpi izan ziren, bigarrenean 23, eta kopurua emendatuko dela aurreikusten dute antolatzaileek. Interesatu orok baltsanelkartea@hotmail.fr emailera idatzi beharra dauka.

Aurreko edizioetan bezala, liburu eta disko salmentaz gain, beste hainbat animazio izanen dira aurten ere: liburu aurkezpenak, kontzertuak, bertsoak, umeentzako animazioak, eta beste.

Diskogintzan garrantzia jarri nahian

Antolatzaileek indar berezia egin dute diskogintza sustatu eta musikari leku handiagoa egiteko: "Egia da musika entzuteko moduak aldatu direla eta diskoa askoz gutiago erosten dela, baina musika deskargatzeak ez die sortzaileei sortzen jarraitzeko bidea biziki segurtatzen". Dei berezia egin diete usaiazko diskoetxeez gain autoekoizleei ere: batzuen artean elkartu, mahaia atxiki eta beren ekoizpen eta taldeak ezagutarazteko gomitari erantzun. Goiko emailera idatzi behar dute horiek ere, izena emateko.