Hemeretzi film labur izango dira ikusgai Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak sortutako jaialdian. Aurtengoa hamabosgarren edizioa du, eta Aretxabaletan ospatuko da martxoaren 30etik apirilaren 1era.
Sail ofizialean hamar film labur lehiatuko dira, eta MU sailean bederatzi. Epaimahaia Alazne Amestoyk, Paul Urkijok eta Iratxe Fresnedak osatu dute aurten. Film laburrak ikusteko aukeraz gain bestelako jarduerak ere izango dira hiru egunetan, hala nola kontzertuak, trikipoteoa edo tailerrak. Aretxabaletako Zaraia aretoan eta herriko plazan egingo da jaialdia.
Mundukide saria
Mundukide saria jasoko du, “Giza Eskubideak eta Justizia Sozialaren gaiak egokien txertatuta" dituen film laburrak, izen bereko lankidetzarako fundazioak babestuta. Aurreko urteetan sari hori irabazi dute, besteak beste, Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolaren Zulo edo Iker Esteibarlandaren Before I die lanek.
Jaialdiaren informazio osoa, hemen.