Kontzertuen bidez euskal preso eta iheslariak laguntzea da xedea. Aurten, Rakatapunk, Xutik eta Esne Beltza dira egitarauan.
“Harrera elkartearen helburua euskal preso eta erbesteratuak haien desmartxa pertsonal eta borondatezkoan laguntzea da, pairatu duten presondegiko eta/edo erbesteko bizipenen ondotik herritar estatutua berreskuratzeko gisan”, adierazi dute antolatzaileek. Kontzertuak izango dira 19:30tatik aurrera merkatu estalian.
Luhusuko auziaren epaiketari begira ere daude antolatzaileak: “auziperatuak diren bi pertsonendako, Beatrice Molle-Haran eta Txex Etcheverry, errugabetzea eskatzeaz gain, Bakegileen dinamikaren ondorioz eragileek aitzin egin behar dieten gastuei gure ekarpena egiteko baliatuko da kontzertu hau”.
Ezpeletako Doxpi ostatuan eta Baionako Pyrenees (Xina) ostatuan eskuratu daitezke sarrerak, 10 eurotan. Egunean bertan 12 eurotan jarriko dituzte salgai.