argia.eus
INPRIMATU
Martxoaren 25ean greba eguna deitu dute eskoletan, EAEko hezkuntza hitzarmenaren zirriborroarekin kritiko
  • Sindikatuak ez datoz bat hezkuntza hitzarmenaren zirriborroarekin, langileak eta langileen aldarrikapenak ez dituela kontuan hartzen eta hezkuntza “publikoa, euskalduna eta propioa” nahi dutela diote. Mobilizazioak eta greba eguna iragarri dituzte martxoan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko martxoaren 15

ELA, LAB, STEILAS eta CCOO sindikatuek mobilizazioak iragarri dituzte: martxoaren 18 eta 28 goizean elkarretaratzea egingo dute Eusko Legebiltzarraren aurrean, eta 25ean greba deitu dute (manifestazioa egingo da, Bilbon).

EAEko hezkuntza legeak jaso beharko lituzkeen edukiak aurkeztu dituzte. “Langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea” aldarrikatu dute, “publikoa ardatz izango duena” publifikazio marko orokor eta adostu baten barruan. Horrez gain, Euskal Herri osorako “hezkuntza lege propioa”, hezkuntzan inbertsioa handitzea, ratioak jaistea, segregazioari aurre egiteko neurri sorta “urgentziaz” onartzea, euskararen murgiltze eredu orokortua ezartzea, laikotasuna eta hezkidetza bermatzea, eta azpikontratazioa eta pribatizazio prozesuak amaitzea eskatu dute, besteak beste.

Hain juxtu, hezkuntza hitzarmenaren zirriborroari alderdi politiko batzuek eta besteek aurkeztutako zuzenketak negoziatzen ari dira uneotan.