argia.eus
INPRIMATU
Martxoaren 22an grebara deitu dute sindikatuek EAEko hezkuntza publikoan
  • Lan baldintzak hobetzea eskatu eta hezkuntza arloan inbertsio falta salatzeko deitu dute lanuztea Steilas, ELA eta LABek. Nafarroan ez dute baztertu mobilizazioei ekitea, foru gobernuarekin irekitako negoziazioan "pauso esanguratsuak" ematen ez badira.

ARGIA @argia 2017ko otsailaren 16a

Hezkuntza publikoan nagusi diren sindikatuek grebara deitu dute martxoaren 22an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, sektorea dagoen "egoera larria" salatzeko. Donostian egindako prentsaurrekoan iragarri dute greba egingo dutela, eta hainbat arrazoi eman dituzte horretarako: azken urteetako murrizketak, erreforma "inposatuak" eta hezkuntza publikoan "berdintasun eta heziketa integrala" ardatz hartu beharra, besteak beste.

Egoera larri horri "buelta" emateko ezinbestekotzat dute lan baldintzak hobetzeko negoziazio kolektiboari ekitea, bai EAEn eta baita Nafarroan ere. Azkeneko erkidego honetan, azaldu dutenez, elkarrizketan ari dira Barkosen gobernuarekin eta ondorioz oraingoz ez dute grebarik egingo, baina ez dituzte mobilizazioak baztertu norabide horretan urratsik ez bada ematen.

Sindikatuek hainbat neurri zehatz exijitu dituzte azken urteetako murrizketei aurre egiteko, hala nola: hezkuntza publikoko plantilla handitzea, EAEn gutxienez  2.000 lagun gehiago eta Nafarroan 900; irakasleen behin-behinekotasuna %40tik %6ra murriztea; eta ikasgela bakoitzeko dagoen ikasle kopurua ere %10 murriztea. Baja, ordezkapen eta erretiro duinak izateko ere hainbat neurri proposatu dituzte sindikatuok.

"Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea eskatzen dugu –azaldu dute sindikatuek prentsaurrean irakurritako oharrean–, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin, kohesio soziala eta integrazioa bultzatuz, aniztasuna, berdintasuna eta hezkidetza oinarri".