argia.eus
INPRIMATU
Martxoaren 21ean “kalera ateratzeko” deia egin du Ikasle Abertzaleak ikastetxe guztietan
  • Egungo hezkuntza “langile klasearen izerdiarekin aberasten jarraitzeko” tresna bat dela ondorioztaturik, Ikasle Abertzaleak antolakundeak martxoaren 21etik aurrera “planto dinamika masiboak” iragarri ditu eta egun horretan kalera ateratzeko deia egin die ikasleei.

ARGIA @argia 2018ko otsailaren 08a

Ostegun arratsaldean Tolosan egindako agerraldian, IAk gogorarazi ditu Euskal Herriko ikastetxeetan “problematika ezberdinei erantzuna emateko” egiten ari diren dinamikak, autodefentsa sareak, greba eskubidearen aldeko protestak edo herri eskolak, besteak beste. Horiek guztiak ez dira arazo “isolatuak”, antolakundeko kideen ustez, baizik eta hezkuntza gizarte eredu baten zerbitzura duen “egitura oso baten” ondorio: "Hau ez da gure hezkuntza!" aldarriakatu dute, deialdiaren leloa hori baita.

Martxoaren 21a “gure indar eta haserreak kalera atera eta gure gaitasun propioei gorazarren egiteko eguna izango da” esan dute. Eta bide batez, ikasturte amaierako DBH2 eta DBH4ko errebalidei eta LOMCEri ezetz esateko eta “erronka” horren aurrean indarrak hartzeko ere probestuko dute mobilizazio egun hori.