argia.eus
INPRIMATU
“Martxoaren 12ko grebako gutxieneko zerbitzuen ondorioz, egun arrunt batean baino langile gehiago egongo dira zenbait sektoretan”
  • ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek sektore publikoko milaka langile greba eskubiderik gabe utziko dituztela salatu dute.

Ainara Rodil Jaime 2024ko martxoaren 11
Martxoaren 6eko Gasteizko irudia. / Argazkia: LAB Martxoaren 6eko Gasteizko irudia. / Argazkia: LAB

Zerbitzu publikoen gainbehera nabarmena dela diote sindikatuek. "Grebarako eskubidearen erabilera oztopatzeko beste saiakera baten aurrean gaude, grebaren eragina gutxiarazteko eta lantokietan normaltasun itxura emateko", adierazi dute sindikatuek.

Sindikatuen ustetan, edukia ikusita, “argi dago erakundeek apustu egin dutela pandemiaren aurretik ezartzen zituen gutxieneko zerbitzuak baino handiagoak iraunarazteko.” Azaldu dutenez, pandemia aitzakia ezin hobea izan da gutxieneko zerbitzuak esponentzialki handitzeko.

Martxoaren 12ko goizean mobilizazioak egingo dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Zerbitzu publikoen eta horiek ahalbideratzen dituzten pertsonen alde egiteko, sindikatuek erakundeei lan-baldintzak hobetu ditzatela eskatzen diete.

Zehazki, hauek dira eskatu dituzten hobekuntzak:

• %10eko soldata igoera eta aurretik hartutako zorra berreskuratzeko konpromisoa.

• Pribatizazioei atea ixtea eta publifikazio planak adostea.

• Enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, behin-behinekotasuna %8n jarrita.

• Lan kargak arintzea, plantillen osasuna bermatuta.

• Politika feministak, berdintasunerako plan erreal eta eraginkorrak adostea.

• Administrazioak eta langileak euskaraz, iruzurrik gabe.

• Jardunaldiaren murrizketa 32 orduko lan astearen norabidean ipintzea.