argia.eus
INPRIMATU
Martxoak 3ko sarraskiaren eliza memoria gune bihurtzeko proiektua aurkeztu dute
  • San Frantzisko memoriarako espazioa proiektua aurkeztu du Memoria Gara ekimenak: “Gune didaktikoa, etengabe aldatuko dena, funts propioa izango duena, ikertuko duena eta kontakizun ofizialetan baztertuta izan diren biktimei ahotsa emango diena”. Erakundeen laguntza eskatu dute, baina proiektuaren independentzia bermatuz.

Z. Oleaga @zoleaga1 2020ko abenduaren 09a
Argazkia: @MemoriaGara.

Polizia sarraskiaren gune nagusia izan zen San Frantzisko eliza 1976ko martxoaren 3an, Gasteizen. Elizatik metro batzuetara aurkeztu du San Frantzisko memoriarako espazioa proiektua Memoria Gara ekimenak, Martxoak 3 Elkartearen egoitzan, elkarteko kide Nerea Martínez Aranburuzabalaren eta Josu Santamarina historialariaren eskutik. Proiektua Memoria Garak urte hasieran antolatutako Martxoaren 3a: memoria (k), espazioa (k) eta kolektiboa (k) jardunaldien ondorioak aintzat hartuta osatu du Santamarinak. Jardunaldi haietan Argentina, Ipar Irlanda, Txile eta Hegoafrikako memoria gune bana ezagutu eta aztertu zituzten, besteak beste.

“Martxoaren 3ko memoria langileena izango da, edo ez da izango”

Martxoak 3ko gertaerak ezin direla “memoria gentrifikatzeko” baliatu adierazi du historialariak: “Eliteek memoria espazioak diseinatu nahi badituzte gatazkaren nozioa saihesteko eta klase nagusien balioak erreproduzitzeko, balio horiek alferrikakoak izango dira; martxoaren 3ko memoria langileena izango da edo ez da izango". Bere proiektuak "kontakizun ofizialetan baztertu diren beste biktimak" aitortu nahi ditu, memoriaren lanketa “antirrepresibo eta feminista bat” eginez, “etengabe eguneratuko dena eta iraganaren eta orainaren arteko zubi bihurtuko dena".

Martxoaren 3a “gehiago eta hobeto” ikertu

Martxoaren 3ko gertakariei ulermen sakonagoa eman behar zaiela uste du Memoria Gara ekimenak, besteak beste “garai hartako esperientzia kolektiboa” eskainiz: “Langile oroimena osoa eta askotarikoa da, baina boterearen edozein injustizia edo gehiegikeriarekiko sentikortasun izugarria du”. Orduko gertaerei ez ezik, orduz geroztiko adierazpen “kultural, artistiko eta politikoei” tokia egin nahi diete oroimenerako gunean. Eskubideak erdigunean jarriko ditu guneak: giza eskubideekin batera eskubide ekonomikoak, sozialak eta kulturalak ere bai. Proiektu “museografikoa” garatu nahi dute, barnebilduko dituena funts propioa, ikerketarako gunea eta jardueren agenda bat.

Erakundeen babesa eta proiektuaren independentzia

Asteazken goizean aurkeztu dute proiektua prentsaurrekoan, eta asteazken arratsaldean aurkeztuko diete herritarrei ekitaldi publiko batean, Aldabe Gizarte Etxean 19:00etan.

Gauzatuko bada, proiektuak erakundeen babesa behar duela adierazi du Martínezek. Helburu horrekin, urtarriletik aurrera egitasmoa aurkeztuko diete Eusko Jaurlaritzari, Arabako Foru Aldundiari, Gasteizko Udalari eta Gotzaindegiari. Babesak proiektuaren izaera ez duela baldintzatu behar azpimarratu dute, “martxoaren 3ko memoria ez baita inola ere memoria ofizial edo erosoa; argi eta garbi arbuiatuko dugu memoria zein ekimen hau instituzionalizazio prozesu batean xurgatzea, horrek etxekotze eta hutsaltze saiakera bat badakar".