ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek eta M3 elkarteak "herrikoia eta sozialki plurala" den memoria eguna "errepresiorik gabe" egitea eskatu dute. Eusko Jaurlaritzari zuzendutako eskaera da, "iaz ez bezala", aurten manifestatzeko eskubidea bermatzeko eskatu diote.
Eragileek adierazi dute aurten ere Gasteizko mobilizazioari omenaldiarekin ekingo diotela. Hasiera 18:00etan izango da, M3ko monolitoaren ondoan, eta bertatik abiatuko da manifestazioa 18:30ean. Aurreko urteetan ez bezala, Katedral Berrian amaituko da manifestazioa, duela 49 urte izandako zazpi hildakoen eta ehunka zaurituren memoria egin eta M3aren esanahia berreskuratzeko asmoz. Agirian iaz jasandako errepresioa kritikatu dute, eta Segurtasun Sailari manifestazio eskubidea bermatzea eskatzearekin batera, aske izateko beharra aldarrikatu dute.
Manifestazio "plural eta herrikoia"
Faxismoaren aurrean antolatu eskubide sozialak borrokatu lelopean abiatu dute aurtengo kanpaina. Borroka eraldatzaile guztiak berresteko eguna dela gogoratu dute, eta beraz, "erantzukizun kolektiboa" dela ahalbidetzea "adin guztietako eta sozialki plurala den pertsonen parte-hartze masiboa". Gainera, "gure gizartearen aniztasuna islatzen duen" eta "hasieratik amaierara mobilizazio masiboa ahalbidetuko duen espazio libre eta segurua" bermatuko duten mekanismoak ezarriko dituztela adierazi dute; zaintza eta elkarrekiko babesa lehenesten dituztenak.
Borrokatu beharreko memoria
Elkarteak gogoratu du 1999an ekin ziola bere bideari, eta ordutik "Espainiako zigorgabetasun-ereduaren aurka lan egiten" ari dela, baita "Egia, Justizia, Erreparazioa eta Ez Errepikatzeko bermeak eskatzen" ibili dela ere. 1976ko martxoaren 3an "Gasteizko langileek esplotazio eta errepresio sistema frankistaren aurka borrokatu" zutela oroitu du elkarteak, eta gaur egungo testuingurua "zibilizazio krisi anizkoitzean" kokatzen dela. "Beraz, duela 49 urte Gasteizen justizia sozialaren alde bizitza eman zutenen oroimena ohoratzeko modurik onena gu antolatzen eta borrokatzen jarraitzea da", dio elkarteak.